Aniztarrek inaute aroari hasiera eman diote

Maitane Maritorena 2020ko urt. 20a, 10:30

Heldu den asteburuan Berroetarat joanen dira

Hasi da inaute aroa,  Baztango lehenbizko inauteak,  Anizkoak, Eguberriak pasatu eta bi astera izaten dira.

Ortziralean, ilbeltzaren 17an, elkartean afaldu zuten inautetan eskean arituko zirenak. Afalondoa pixka bat luzatu bazen ere,
biharamunean, larunbatean, ttentte-ttentte 09:00etarako gosaria prestatzen ari ziren aniztarrak: arrautza, txistorra, xingarra, solomoa... Txerrikia ausarki, hori baita pusketan etxeetan ematen dena.

Erran zenaren kontra,  aurreikuspenak ez ziren bete eguraldiari dagokionez, etxez etxe akordeoilariarekin ibiltzeko eguraldi ezin hobea izan zuten. Gosalondoan, mozorroak paratu, beztitu eta etxez etxe abiatu ziren eguerdi aldera. Ilunduta eta berandu, etxez etxe janean, edanean, kantuz, elean eta dantzan aritu ondotik Mendiarte elkarterat itzuli ziren berriz ere puskekin egindako afaria jatera. Gauak luze jo zuen...

Ondoko astean, ilbeltzaren 25ean, aniztarrak izanen dira Berroetarat joanen direnak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun