Elizondoko Lanbide Eskolak gaur emanen dio hasiera Lanbide Familien laneko prebentziorako bigarren topaketari

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 17a, 08:30

Iazko proiektuaren bukaera izan zen Elizondoko Lanbide Eskolako sarrerako muralaren argazkia, iazko proiektuko lelo irabazlearekin.

Ikasleen gaiarekiko sentsibilizazioa lortzeko, mahai-ingurua eginen dute lan-istripua izan duten bi gazterekin, sindikatuetako ordezkariekin eta teknikariekin

 

Bigarren urtez, Elizondoko Lanbide Eskolako Lantokietako Prestakuntza eta Orientabidea moduluko ikasleek, Laneko arriskuen Prebentziorako Oinarrizko Teknikari titulua lortzeko eskatzen diren edukiak landuko dituzte proiektu baten bidez.


Elizondo Lanbide Eskola I.I.P ikastetxe honetan Lanbide Heziketako Erdi Mailako eta Goi Mailako Teknikari titulua lortzeko zikloak irakasten dituzte, bertze batzuren artean. Horien artean, Enpresen Administrazio eta Finantzatako Goi Maila, eta bertzetik, Kudeaketa Administratiboko, Mekanizazioko eta Erizaintza laguntzaile Erdi Mailak irakasten dituzte.

Lanbide Familia ezberdinak eskolan bertan izateak ematen duen aukera baliatuz, Laneko arrisku faktoreak aztertzeko ematen duen aukerarengatik, Elizondo Lanbide Eskolako Lanbide Familien Lan Arriskuen Prebentziorako II Topaketak antolatu ditu bigarren urtez.

Horretarako, egitarau aproposa osatu, eta iaz egin zen bezala Lanbide Familia ezberdinetako etorkizun hurbileko ikasle guztiak Topaketa hauetan elkartzeko parada izanen dute proiektuaren momentu ezberdinetan.

Gaurko saioa, ikasleak, sentsibilizatzeko eta gaiak lanean duen garrantziaz konturatzeko eta kontzientzia hartzeko antolatua izan da.

Horretarako, hitzaldi-mahai ingurua antolatu dute eskolan gaia jorratzeko. Laneko arriskuen prebentzioan parte hartzen duten aktore ezberdinak gonbidatu dituzte horretarako. Parte hartuko dutenak, INSL Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Javier Razquin teknikaria; sindikatuen aldetik, ELA Sindikatuko Andoni Larralde, LAB sindikatuko Gorka Bueno eta STEILAS sindikatuko Iñigo Barace eta laneko istripua lehenengo pertsonan sufritu dutenen lekukotza ere bildu nahi dute bertan eta horretarako Ugutz Zelaieta eta Denis Lizasoain gonbidatu dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun