Literatura beltza sustatzeko (H)ilbeltza beka deialdia egin dute laugarren aldiz

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 14a, 12:00

Massimo Carlottoren 'Arrivederci amore, ciao' eleberriaren itzulpena lagunduko dute aurten.

Massimo Carlotto idazle italiarraren ‘Arrivederci amore, ciao’ eleberriaren itzulpena lagunduko dute

Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkarteak eta Txalaparta argitaletxeak elkarlanean euskal literatura beltza hedatu eta munduko literatura beltza euskaratzeko helburuarekin 2020ko (H)ilbeltza bekaren deialdia egin dute.

Deialdi honetan itzulpena da lagunduko dutena eta zehazki Massimo Carlotto idazle italiarraren Arrivederci amore, ciao eleberriarena. Parte hartu nahi duenak Carlottoren eleberriaren lagin bat itzuli beharko du, ilbeltza.eus eta baztan.eus webguneetan izanen dena eskuragarri.

Beka 6.000 eurokoa izanen da eta bi zatitan emanen dute.

Laginak 2020ko martxoaren 6a baino lehen aurkeztu beharko dira Baztango Udaleko erregistroan eta ekainaren 5ean jakinen da bekaren irabazlearen izena.

Epaimahaiko kideak Joseba Otondo Baztango alkatea; Txalaparta argitaletxearen ordezkaria, Garazi Arrula Ruiz; eta (H)ilbeltza elkarteak izendatutakoa, Josu Barambones izanen dira. Aurkeztutako itzulpenean kalitatea, aberastasuna eta sorburu-testuarekiko baliokidetza baloratuko dituzte, baita sorburu-hizkuntzatik zuzenean itzultzea ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun