Baztango etxe-alokairuaren egoeraren berri eman du Udalak

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 9a, 18:00

Florentino Goñi, Joseba Otondo, Marijo Garmendia eta Laura Andresena, Baztanen etxebizitza-alokailuaren egoeraren berri ematerakoan. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Gizarte Zerbitzuek egindako inkestaren arabera, gaur egun Baztanen etxebizitza duin batean bizitzeko eskubidea ez dago bermatua

 

Legearen arabera, pertsona guztiek etxebizitza duin batean bizitzeko eskubidea daukagu, baino gaur egun hau ez da betetzen. Baztango Gizarte Zerbitzuetatik ezagutu ahal izan duten errealitatearen arabera, gaur egun, Baztanen etxebizitza duin batean bizitzeko eskubidea ez dago bermatua. Berriki, Baztango Udaletik, Baztanen alokairuan bizi diren pertsonei zuzendutako inkesta bat zabaldu zuten. Jasotako testigantzen arabera, etxebizitza alokatzeko momentuan pertsonak traba aunitzekin aurkitzen dira. Alde batetik, alokairurako bideratutako etxe gabezia, bertzetik, alokairuen gehiegizko prezioa eta, azkenik, alokatzeko momentuan trabak eta zailtasunak dira arazo nagusiak.

Baztango etxe-alokairuaren egoeraren diagnostikoaren eta erronken berri eman dute urtarrilaren 9an Joseba Otondo alkateak, Marijo Garmendia eta Florentino Goñi zinegotziek eta Laura Andresena, Gizarte Zerbitzuetako teknikariak.

Errentan hartzeko etxe gabeziari dagokionez, nahiz eta etxe huts ugari izan Baztanen errentan ematera bideratuak dauden etxeen kopurua ttikia da. Honengatik, pertsonek denbora aunitz pasatzen dute etxebizitza ezin aurkituz eta, ondorioz, Baztanera bizitzera etorri berri diren pertsona aunitz logelak konpartitzera behartuak daude, etxe berean pertsona gehiegi bizitzera eraman arte. Horren ondorioz ere, gazteek zailtasunak dituzte gurasoen etxetik joan nahi badute, ez baita erraza errentan hartzeko pisurik aurkitzea.

Alokairurako etxe bat aurkituz gero bertze traba bat gainditu beharra dago, alokatzeko etxebizitzen prezioa. Jasotako erantzunak kontuan hartuz, momentu honetan Baztanen, hilabetean 300 euro baino gutiago balio duen pisu bat aurkitzea ezinezkoa da. Alokairuaren kostuaren prezioak 300 eta 500 euro bitartekoak dira. Familia gehienek, hilabeteko diru-sarreren %35 baino gehiago alokairua ordaintzeko erabiltzen dute, kostu honi bertzelako gastuak gehitu behar zaizkio, argia, berogailua, ura… Bertzelako oinarrizko beharrak asetzeko margen gutxirekin gelditzen dira familia ugari. Azkeneko urte hauetan Gizarte zerbitzuetatik pasatu den pertsonengandik lortutako informazioa kontuan hartuz gero, argi eta garbi ikus daiteke alokairuaren prezioek nabarmen egin dutela goiti.

Eta azkenik, etxea aurkituz gero, ezezaguna, atzerrikoa edo bertze etnia batekoa izanez gero, aunitzetan ez zaie zuzenean etxea alokatzen, aurreiritziak tarteko.

 

Etxebizitza eskubidea bermatzeko lanean

Gaur egun, etxebizitzaren eskubidea bermatzeko bidean, Baztanen hainbat baliabide indarrean daude eta martxan jarri dira. Alde batetik, alokairu poltsa dago, alokatzeko beharra duen pertsonak bertan izena eman behar dute eta alokatzea lortuz gero, errentaren arabera, dirulaguntzak onartzen dira. Horretaz gain, alokairuaren kostua mugatua dago, metro kuadroko 5,30 eurora. Hartara, alokairuaren gehiegizko prezioak saihestea lortuko da.

Baina, horretarako poltsa horretan etxebizitzak egon behar dira, hau da, alokatu nahi duten etxebizitzen jabeek beraien etxebizitzak poltsa horretan sartu behar dituzte. Etxeak poltsa horretan uztean, onurak bertzerik ez ditu. Bertzeak bertze, etxebizitzak Nasuvinsa enpresa publikoak alokatzen ditu, errenta kontratua egiten dute, errenta garaiz eta hilero kobratzeko segurtasun osoa eskaintzen dute eta etxebizitza egoera onean itzuliko da kontratua akitzen denean.

Beraz, Baztango Udaleko eta Gizarte Zerbitzuetako ordezkariek aipatu dutenez, «denen artean etxebizitza eskubidea berma dezagun eta bakoitzak gure alorretik zerbait jar dezagun egoera honi konponbide bat emateko».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun