Erregeen eguneko batzarrean, Alazne Sansiñena alkatearen zuzendaritzapean, bi puntu izan ziren gai zerrendan.
Hasteko, ohi bezala, azken batzarreko akta irakurri zen, azaroaren 8an, eta bertaratuek oniritzia eman zioten. Hasierako puntuaren ondoren, Xabier Torres kargodunak 2019ko kontuen berri eman zuen.
Iaz, Elizondok 128.043,14 euroko diru-sarrerak izan zituen, eta 123.687,46 euroko gastuak; beraz, 4.355,68 euroko superabitarekin itxi zuen urtea. Herriaren hasierako saldoa 37.167,57 eurokoa zela kontuan hartuta, 2019ko abenduaren 31n, urte-akabailako saldoa 41.523,25 eurokoa zen.
Diru-sarreren atalean, herritarren kuota izan da diru-sarrera handiena, 38.780,60 euro bildu baititu. Santiago bestetako dirusarrerak 30.474 eurokoak izan dira, eta udazkeneko feriei esker, 24.508,40 euro bildu dira. Baztango Udalak ere urtero ematen dio diru kopuru bat herri bakoitzari, eta Elizondoren kasuan, 2019an 11.139,95 eurokoa izan da. Hilerriko kuota, tasa eta fidantzei esker, 12.595,48 euro bildu dira. Orakunden herriak 5.168,5 euro jaso zituen; inauterietan, 2.000 euro; Txokotoko zikiro-jatean, 2.025 euro; 3.641,04 euro errentetan eta 710,17 euro itzulketetan.
Gastuei dagokienez, gasturik handiena Santiago bestetan egin da, 72.537,27 euro; hilerriak 10.996,20 euroko gastuak sortu ditu; Orakunden 6.923,81 euro inbertitu dira, Txokotoko bestetan, 6.296,97 euro; obra eta mantentze-lan batzuetan, 4.691,41 euro; ferietan, 4.478,59 euro; aseguruak, zergak eta Gizarte-Segurantzan, 3.813,18 eur ; inauterietan 3.600,66 euro, eta Olentzero eta Errege egunetan 3.014,51 euro.
Bertaratuek aurkeztutako kontuak onartu zituzten, eta, ohitura betez, batzarreko zaharrenak eta gazteenak, oraingoan Salva Sobrino eta Imanol Arretxeak, hurrenez hurren, adostasun-akta sinatu zuten.