Urte berria eliza zaharberritua estreinatuz hasi dute Oronozen. Aski koloretsua eta argitsua gelditu da eliza, lanen ondotik. Abenduaren 28ko meza eman zuten Alfonso Garciandia eta Ramon Apezetxea apezek eta Iruñeko artzapezpikua eta Tuterako apezpikua den Francisco Perezek. Oronozko abesbatzak kantatu zuen mezan eta omenaldia eskaini zitzaion elizaren barreneko aldeko lanen gastua ordaindu duen Patxi Arrietari. Sortzez oronoztarra, Mexikon bizi da Patxi Arrieta. Urtetan eliza zaintzeko ardura izan duen Valentina Aizeaga ere omendu zuten.
Kanpoko aldeko lanak ezezagun batek ordaindu ditu eta argiteria parrokiak berak ordaindu du. Meza ondotik, kontzertua eskaini zuen Gaztelu Taldeak eta Baztan-zopak dastatu zituzten.