Eguberriak 2019

Jendetza bildu da Elizondoko karriketan eta plazan Errege kabalgata ikustera

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 5a, 23:02

Umeen aurpegietan ageria zen Errege magoen etorrerak sortutako urduritasuna eta ilusioa. Plazako kioskora hurbildu zirenek ez zuten gutunak eta musuak emateko aukerarik galdu. Ume eta gurasoen pozez beteriko aurpegiak nagusi ziren.

 

Ekitaldi osoan txistulari, akordeoilari, musika banda eta gaita-jotzaileek lagunduta, errege magoen desfilea Zahar Etxean hasi eta Joaldunak buruan zituztela, Santiago karrikatik Artesiaga saltokiaren pareraino ibili ondotik, handik bueltan Jaime Urrutia karrikan goiti Elizondoko plazara itzuli zen. Plazako kioskoan dantzariek ongi etorria eman zieten hiru erregeei eta, segidan, Balleko Etxearen arkupean jarritako jaiotza bizidunean, Erregeek umeen musuak hartu zituzten. 

Ekitaldia akitzeko, Elizondoko eta inguruko herrietako merkatariek emandako hainbat produkturekin osatutako saskiak zozketatu zituzten plazan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun