Modu berean, bioongarriak erabiliz, Nafarroako nekazaritzako ustiategietako materia organikoa hobetu nahi dute, eta proiektuan lortutako ezagutza artilearen ekoizleei helarazi, lehengai horren kudeaketan sar dezaten. Baztango Udalak hiru urte daramatza haraneko artzain eta abeltzainen artilea kudeatzen. Hondakin horren kudeaketa nahiko berria da erakundeentzat, eta, ahalmen handiko produktua izan arren, nekez baloratzen da kudeatzaileen merkatuan.
Udalak lantegi bakarra topatu du produktu hori balorizatzeko. Caparrosoko instalazio bat da, gaur egun aukera bideragarri bakarra abeltzainentzat eta Udalarentzat. Azken urteetan, Udalak hondakin-artilea kudeatu du, eta bere gain hartu du artilea Caparrosoko lantegira garraiatzeko kostua, konposta bihurtzeko.
Duela guti, Baztango Udalak lankidetza proposamena jaso du Azozko Vita Veris enpresaren ikerketa eta garapen zientifikorako proiektu batean, hondar-artiletik abiatuta azpiproduktu bat sortzeko. Proiektuaren xedea da teknika espezializatuak garatzea, edozein abeltzainen eskura jar daitezkeenak, artilea disolbatu eta nekazaritzarako erabiltzeko, hondakinen kudeaketa in situ sustatuz, ekonomia zirkularraren eta klima-aldaketaren aurkako laguntzaren adibide argia.
Baztango hondar-artilea bioongarriak ekoizteko aprobetxatzeko proiektua Europar Batasuneko FEADER funtsekin finantzatutako laguntzekin lotuta dago, Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapeneko programetarako, 2014/2020 eperako. "Proiektu pilotuetarako eta produktu, praktika, prozesu eta teknologia berriak garatzeko" laguntzak dira.
Baztango Udalak diru-laguntzaren eskaera aurkezteko epea akitzen zen egun berean jaso zuenez lankidetza eskaintza, Joseba Otondo alkateak alkatetzaren ebazpen baten bidez kudeatu zuen, eta aho batez berretsi zen Udalaren 2019ko urteko azken osoko bilkuran, abenduaren 26an.