Kortaria gaztandegiak Elgoibarko Gabon Zaharreko lehiaketa irabaziz borobildu du urtea

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 3a, 19:00
Kortaria gaztandegiko Julen Arburua, Elgoibarko Gabon Zaharreko lehiaketako sariak jasotzen. Argazkia: Elgoibarko Udala

Idiazabal Jatorrizko Izendapeneko lehiaketetako irabazle guztiak bildu dituen lehiaketa irabazi du

 

2018a ikusgarria izan zen Orabideko Kortaria gaztandegirako. Sari garrantzitsu ugari jaso zituen Euskal Herrian zehar, baita atzerrian ere. Eta 2019a oraindik hobea izan dela erran daiteke, ia gaindiezina. Joan den larunbatean Elgoibarren lortutako txapelarekin borobildu zuen urtea, Gabon Zaharretako azoka tradizionalean, hamabigarren edizioa bete duen Urteko Gaztarik Onenaren lehiaketan.

Hitzordu horretan parte hartzen dute Idiazabal Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzaileak araututako lehiaketetako bat irabazi duten ekoizleek. Lehiaketa horien irabazleak zazpi gaztandegi izan dira aurten: Ilarduiako Leze gaztandegia (Deba, Araia eta Aguraingo lehiaketetako irabazlea), Galarretako Azkarra (Azpeitian eta Plentzian irabazle) Elgoibarko Mausitxa (irabazle Bilbon, Elgoibarren eta Legazpin), Lekarozko Kortaria (Uharte-Arakil, Ordizia eta Euskal Herrian irabazle), Idiazabalgo Ander Barandiaran (Bergaran irabazle), Amurrioko Larrabe-Agiñiga (Amurrion eta Gernikan garaile) eta Markina-Xemeingo Santamañe (Bermeon eta Eibarren irabazle)

Txapeldunen lehiaketa da, eta, nolabait erratek, txapeldunen txapelduna nor den erabaki da Elgoibarren. Joan den urteko edizioan bezala eta Kalamua elkarteak Elgoibarko Udalarekin lankidetzan antolatutako lehiaketa irabazi zituen Kortaria gaztandegiak txapela, garaikurra eta 1.500 euroko saria

Azken sari horrekin, Kortariak urte ia perfektua akitu du, arrakastaz betea (eta lan aunitzekoa, Julen Arburuak dioen bezala), eta gaztandegiak irabazi ditu Uharte Arakil, Ordizia eta Euskal Herriko txapelketak, baita Ordiziako txapeldunen txapeldunena ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun