Eguberriak 2019

Giro aparta eta parte hartze handia Elizondoko XI. San Silbestrean

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 2a, 13:34

Arras giro polita sortu zen Elizondoko plazan. Lasterkari batzuk mozorrotuak atera ziren eta, kirol probak iraun zuen denbora guztian, Ttuku-ttuku txarangak animatu zituen karrikak. Akabailan zozketak eta opariak izan ziren parte hartzaileentzat. Honekin hamaikagarren aldiz, urtea ongi despeditzeko modu ezin hobea antolatu zuen Baztango lasterkari taldeak.

Arratsaldeko 5etan hasi ziren laterketak. Lehenik 3, 4, 5 eta 6 urteko haurtxoek parte hartu zuten, 48 lasterkari guztira. Ondotik atera ziren 7, 8 eta 9 urtekoak, denetara 39 haur. Eta azkenik, 10, 11, 12 urteko gaztetxoak, 70 neska-mutiko guztira. Denak kontatuta 157 haur. Lasterketak akitzerakoan, haur guztiek opari bana hartu zuten.
 
Eta ordu bat beranduago, arratsaldeko 6etan, helduen txanda ailegatu zen. Osotara 161 lasterkarik emana zuten izena, 105 gizonezkok eta 56 emakumezkok. Emakumeen podiuma Alaitz Nuñezek (15.14), Estitxu Arraztoak (17.05) eta Uxoa Bertizek (18.02) osatu zuten. Gizonezkoetan, aldiz, arras lehiatua izan zen lasterketa. Hasieran Unai Plaza buruan bazihoan ere, azkeneko bueltan Alberto Barberenak aitzina hartu eta lehenbizikoa izan zen helmugaratzen, 12 minutu eta 35 segundoko denborarekin. Bigarren Unai Plaza (12.36) eta hirugarren Unai Barazabal (12.37). 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun