Baztango Talde Feministak heldu den hiruhilekorako topaketa, solasaldia eta afaria antolatu du

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 31a, 10:00
Aitzineko jardunaldietan jende dezente bildu zen.

Baztango Talde Feministak Feminikasten 2.1. jardunaldiak antolatu ditu. Urtarrilean hilerokoaz solastatzeko topaketa, otsailean emakumeei eta inauteriei buruzko solasaldia eta martxoan bertso afaria izanen dituzte.

Lehendabiziko hitzordua urtarrilaren 17an izanen dute, Erratzuko elkartean. Hilerokoari buruz gehiago ikasteko eta elkarren bizipenak partekatzeko, Hile-topaketa tailerra izanen dute, Enara I. Dominguezen eskutik (Ziklikoki Bizitzen). Bertan parte hartu nahi dutenek baztangohaizefeminista@gmail.com helbidera idatzi beharko dute.

'Emakumeak eta inauteak'
Otsailean Emakumeak eta inauteak izenpean solasaldia eta argazki erakusketa izanen dituzte. Otsailaren 7an, Aitzpea Leizaolak gaiaren inguruko solasaldia eskainiko du eta Gari Garaialdek bere argazki erakusketaren aurkezpen-solasaldia eginen du. Jarduera hau Jo ala Jo Kultur Taldearekin batera antolatu dute. 

Bertso afari feminista
Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, martxoaren 6an bertso afari feminista antolatu dute Baztango Gaztetxean. Alazne Untxalo eta Saioa Alkaiza ariko dira bertsotan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun