«Enpatia eta heziketa falta handia» salatu du Lur aretoko lantaldeak herenegun gauean izandako erasoaren harira

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 27a, 17:00
Abenduaren 25ean jendetza bildu zen Lur aretoan.

Abenduaren 25eko gauean, aretoa jendez betea zegoela, norbaitek argi-koadroa hautsi eta fusibleak soltatu zituen, eta arazoa agudo konpondu bazuten ere, berriz argirik gabe gelditu ziren, norbaitek argi-koadroko fusibleak lapurtu zituelako. Horren ondorioz, aretoa geldiarazi behar izan zuten eta horren harira, «amorrua eta pena» sentitu zituztela adierazi dute Lur aretoko arduradunek.

Abenduaren 25eko gauean gertatutakoa honela azaldu dute Lurreko arduradunek: «ilusioz eta lanerako gogoz» lanean ari zirenean, «kamarak argirik gabe gelditu ziren, baita areto erdia ere, norbaitek argi-koadroa hautsi eta fusibleak soltatu zituelako». Zerbitzariek, ordea, lanean segitu zutela kontatu dute, «eta bitartean lantaldeak eta guztiz eskertuak gauden hainbat boluntariok arazoa konpondu  zuten». Ez zen luzerako izan, «15 bat minuturen buruan areto guztia argirik gabe gelditu zen, argi-koadroko fusibleak lapurtu zituztelako, eta horren ondorioz, izotz-makina eta laneko tresna guztiak gelditu ziren».

Horren ondotik, «zerbitzatzen ari zirenek aretoan ongi pasatzera joanak zirenen aldetik jasotako tratua inhumanoa» izan zela salatu dute: «zerbitzatzen ari baginen ere, gu ez gara morroiak, ez gara bertzeak baino gutiago, eta are gutiago, ez ginen egoera desatsegin haren erantzuleak izan. Gertatu zena intentzio txarreko norbaitek sortu zuen». Argi eta garbi utzi nahi izan dute «pertsonak» direla, eta «gutienez, guk zuei dizuegun errespetu bera merezi dugula. Bezeroek ongi pasatzeko lan egiten dugunak gara». Horregatik, «onartezintzat» jo ditu «zerbitzatzen edo lanean ari zirenek jaso zituzten irainak, oihuak edo bota zizkieten hormak, edalontziak eta gainerakoak». Orokorrean, «enpatia eta heziketa falta izugarria» salatu dute. Ez hori bakarrik. «Ironikoa da Eguberri Egunean gertatu izana, lan gehien egiten den egunean eta Lurren dagoen bestarik handienean». Lanetik «amorrua eta pena» sentituz atera zirela ere gaineratu dute, «batez ere pena handia».

Akitzeko, barkamena ere eskatu nahi izan diete «gure aldetik egokia ez zen komentarioren bat aditu zuten bezeroei, baina erran behar da egoerak ez zigula lasai jokatzen utzi».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun