Mindegia, Irigoien eta Salaburuk irabazi dute Baztan-Errekako XX. paxaka txapelketa

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 26a, 12:00
Paxaka txapelketako lau hirukote onenak, Laxoa elkarteko antolatzaile eta sari-emaileekin. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Abenduaren 21ean Iruritako Aranabian jokatutako finalean 9-5 irabazi zieten Urrutia, Prim eta Iñarreari

Baztan-Errekako XX. Paxaka txapelketako finala jokatu zen abenduaren 21ean Iruritako Aranabia pilotalekuan. Arraiozko Mikel Mindegia, Erratzuko Manu Irigoien eta Iruritako Joxe Mari Salaburu suertatu ziren txapeldun, 9-5 irabazi baitzieten Iruritako Oscar Urrutia, Egoitz Prim eta Miguel Angel Iñarreari (1-0, 1-2, 4-2, 4-3, 5-3, 5-4, 6-4, 6-5 eta 9-5).

Ageri denez, finalaren lehen erdia berdindua joan zen, baina azkenean gaztetasuna nagusitu zitzaion beteraniari.

Hirugarren posturako norgehiagoka oraindik berdinduagoa izan zen, baina azkenean Oizko Ioritz Zelaieta, Ugutz Zelaieta (Aimar Saldiasen ordez aritu zen) eta Iker Bereau nagusitu ziren, 9-8, Iruritako Gorka Urtasun, Elizondoko Juan Mari Maia eta Erratzuko Kaiet Itoizen kontra.

Beraz, txapelketako azken partidetan ere, txapelketa osoan izandako berdintasuna izan zuten. Finalen ondotik, sariak banatu zituzten Begoña Goienetxe Iruritako kargodunak, Ugutz Zelaieta Oizko alkateak eta Joxe Itoiz Erratzuko alkateak. Bi hauek paxaka jokalariak ere badira eta parte hartu dute txapelketa honetan. Ondotik, nola ez, afari batean bildu ziren pilotariak, antolatzaileak eta laguntzaileak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun