90 profesionalek parte hartu dute Lekarozen Pirinioak Bizirik Ingurumen Heziketa Sarearen Nazioarteko Topaketetan

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 20a, 15:00
Parte-hartzaileak Piribus izeneko erakusketa ibiltariaren aitzinean, Lekarozko campusean.

Ortzegun eguerdian akitu dira Pirinioetako eskualdeetan garapen iraunkorreko hezkuntza esperientziak eta -estrategiak berrikusteko jardunaldiak, ADN Pyrénées mugaz haraindiko lankidetza-proiektuaren barrenean

 

90 pertsonak parte hartu dute Pirinioak bizi Ingurumen Heziketa Sarearen Nazioarteko Topaketetan Lekarozen. Joan den asteartean, hilak 17, hasi ziren, eta ortzegun honetan egin dute bukaerako jardunaldia, azken ebaluazio batekin.

Topaketan sektore publikoko eta pribatuko 60 erakundek hartu dute parte, eta ia bertze ehun bat lagun bildu dira, ingurumen-hezkuntzan lan egiten dutenak Pirinioen alde banatan. Ekimena POCTEFA ADN Pyrénées mugaz haraindiko lankidetza-proiektuan kokatzen da; bertan parte hartzen du, baita ere, Nafarroako Gobernuak, Pirinioetako mendigunearen bi alderdietako bertze bortz bazkiderekin batera.

Saioak Lekarozko Aterpetxean egin dira, eta Pirinioetako eskualdeetako esperientzia eta proiektuak aztertu dituzte, ingurumen-hezkuntza eta garapen iraunkorra sustatzearekin loturikoak, nahiz lanerako hainbat proposamen Sareari jarraipena emateko. Ondorioei esker, Pirinioetako Ingurumen Hezkuntzaren Estrategiako baldintzak eman eta zehaztu ahal izanen dira; hori izanen da ADNPYR proiektuko emaitzetako bat.

 

“Piribus-en” presentzia

Topaketen protagonistetako bat PIRIBUS erakusketa ibiltaria izan da, “Pirinioen erdira bidaia”, lurraldea batetik bertzera igarotzen duena jarduera-programa zabalarekin, Pirinioetako ondarea hedatze eta baloratze aldera. Tuteratik abiatu zen 2019ko martxoan eta Nafarroako, Aragoiko, Kataluniako, Akitania Berriko, Okzitaniako eta Andorrako 32 herri igaroko ditu guztira, 2020ko udazkenera bitarte. Lekarozen, hedapen-ekimen horri buruzko esperientziak ebaluatu eta trukatu dituzte. Erakusketa Nafarroan sartuko da datorren martxoan, Bertizen izanen baita eta apirilean Iruñean eta Irunberrin.

Ondorio gisa, bertaratuek azaldu dute “Piribus-aren” geltokiei buruzko esperientziak trukatu beharra dagoela, elkarrekin jarduera pedagogikoak egin, aipatu estrategiaren oinarriak aurkeztu, sarearen dinamika indartu lurralde berrietara aurkeztuaz, eta sarearen gobernantza elkartua indartu.

Halaber, proiektuaren bestelako erreminten jarraipena berretsi da; hau da, Pirinioen bi aldeetako mendiguneen eta leku interesgarrien APPa, edota MOOC Pyrenees, “Pirinio paregabeak” eta Pirinioetako faunari buruzko online ikastaroen ekimena.

 

Pirinioak Bizirik Hezkuntza Sarea

Pirinioak Bizirik Hezkuntza Sarea 1997an sortu zen Pirinioen frantses alderdian, eta 2002tik aurrera mugaz bestaldeko dimentsioa hartu zuen. Sarearen helburu nagusia da Pirinioetako ingurumenarekiko hezkuntzaren kultura eta garapen iraunkorra sortzea eta sustatzea mendikate osoan. Pirinioen bi alboetako gobernuko eta gizarte zibileko (GKE) 65 erakundek osatzen dute, Frantzia, Andorra eta Espainiakoek. Frantziatik LPOk (Ligue pour la Protection des Oiseaux) zuzentzen eta koordinatzen du, 45.000 bazkidetik gora dituen erakundeak.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Ingurumen Kudeaketaren (GAN-NIK) bitartez, “ADNPYR” proiektuan (ADN Pirinioak) parte hartzen du, honako hauekin batera: LPO, Kataluniako Generalitatea, Fundació Catalunya la Pedrera, l’Institut d’Estudis Andorrans CENMA eta SEO/Birdlife. Proiektuaren %65a Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (FEDER) finantzatzen du. Parte hartzen duten sei egiturarekin batera, hauek dira baterako finantzatzaile elkartuak: Frantses Estatua (CGET-DREAL), Nafarroako Gobernua, Occitanie Eskualdea, Nouvelle Aquitaine Eskualdea, Jazetaniako Eskualdea eta Alto Gállegoko Eskualdea.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun