Baztango herrigunetako alde zaharrak berritu eta babesteko plana adostu dute Balleko Etxeak eta Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 19a, 08:30
Jose Mari Aierdi lehendakariordea eta Joseba Otondo Baztango alkatea, hitzarmena sinatzerakoan.

Nafarroako Gobernuko Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak eta Baztango Udalak Herriko Ekintza Plan Berezia garatzeko hitzarmena sinatu dute herriko birgaitze estrategiaren baitan. Abenduaren 18an sinatu dute agiria Jose Mari Aierdi kontseilariak eta Joseba Otondo Baztango alkateak

Nafarroako Gobernuak eta Baztango Udalak Hiri Jarduerarako Ekintza Plan Berezia (HJPE) sustatuko dute bailara osatzen duten 29 herrigunetako eremu publikoak eta eraikinak antolatu, babestu, berritu zein alde zaharrak nahiz historikoak berritzeko.

José Mª Aierdi lehendakariordeak eta Joseba Otondo Baztango alkateak hitzarmena sinatu dute abenduaren 18an Nafarroako Jauregian. Hitzarmen horrek bi erakundeak lotzen ditu, HJPE hau, hirigune historikoak birsortzen lagunduko duen oinarrizko hirigintza-tresna, elkarrekin egiteko.

Ekimen hori Lurralde Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoen Departamentuak abian jarritako hirigintza trinkoaren estrategiaren parte da, eraikinak, espazio publikoak eta paisaia-inguruneak birgaitzeko eta birsortzeko prozesuei ekiteko. Udal-plangintzetan faktore berriak sartu dira, hala nola hiri-jasangarritasuna, hirigintza barneratzailea edo klima-aldaketara egokitzea, lurzoru-okupazio berriak dituzten garapen hedakorren alternatiba gisa.

 

«Gure herri eta hirietan barrurantz hazi»

Aierdi lehendakariordeak adierazi duenez, «hirigintza-tresnek gure hiri, herri eta hiri-inguruneen arima berreskuratzeko ahaleginaren zerbitzura egon behar dute, lurzorua zentzuz erabiliz barrurantz hazteko estrategia sustatzeko, hiri-bilbeak eta landa-eremuak gure paisaia- eta lurralde-ingurunearekin bizikidetzako eta harreman orekatuko gune gisa berreskuratzeko».

Baztango hirigune historikoak, eraikinak eta hiri paisaiak hirigintzaren aldetik identifikatu, mugatu eta antolatuko dituen HJPE prestatzeko eta idazteko, 180.000 euroko hasierako aurrekontua dago, eta Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak% 80ko diru-laguntza emanen du.

José Mª Aierdik eta Joseba Otondok sinatu duten hitzarmenean jasotako helburuen artean dago Baztango hirigune historikoetako hiri-paisaia babestea eta leheneratzea, bai barnean, bai periferian eta hiri-inguruetan.

Era berean, hitzarmenak hirigintza proposamenak garatzea aurreikusten du hirigune historikoak babestu, barnetik berritu eta hiria birsortzeko, eta eraikin zaharren eta etxebizitza hutsen erabilera eta okupazioa sustatzea, birgaitze integralen bidez eta inguruko espazio publikoan beste esku-hartze batzuen bidez. Jarduketa horien bidez hiriguneak birsortu nahi dira, bizitegi funtzioa berreskuratzeko, ekipamendu eta zerbitzu publikoez horniturik.

Era berean, HJPE berriak hirigintza-zuzkidurak eta ekipamendu komunitarioa sortzea planifikatuko du, espazio horiek suspertzeko, bai eta zirkulazio-arazoak, paisaiaren estetika, ingurumenaren hobekuntza edo zerbitzu publikoetarako sarbidea konpontzeko ere.

 

Irizpide klimatiko eta integratzaile berriak

Baztango HJPEk ekarri duen berrikuntzetako batek zerikusia du udal planeamenduan zenbait irizpide sartzearekin, hala nola, klima-aldaketaren ondorioak egokitu eta arintzea, edo hirigintza integratzaileko mekanismoak sartzea espazio publikoen diseinuan, adinagatik, mendekotasunagatik edo generoagatik biztanleriaren hainbat sektorek egiten dituzten eskaerei erantzunez.

Era berean, bertze alderdi berri batzuk ere sartu dira, hala nola uholdeak izateko arriskuari aurrea hartzea –azken urteetan Baztan ibaiak izandako ur-goraldiek eragindako arazoak direla eta– edo hirigintza-planeamenduaren berrikuspenetan herritarrek parte hartzeko prozesu dinamikoa irekitzea.

2020. urtetik aitzinera prestatuko den planean, Baztango Hirigintzako Udal Planean jasotako hiriguneetako lurzoru guztiak mugatu eta sartuko dira, guztira 29 herrigune biltzen dituena.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun