Bangladesheko larrugintza sektoreari buruzko erakusketa zabalik da Baztango liburutegian

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 18a, 07:30

Blangadesheko larrugintza eta oinetakogintza industriaren berri ematen du argazki-erakusketak. Argazakia: Juan Mari Ondikol

GMB Akash argazkilariaren hamabi panel ikus daitezke ortziralera bitarte

Baztango Liburutegi Publikoan Larrugintzaren sektorea Bangladeshen erakusketa zabalik dago ortziralea bitarte. Arratsaldez, 15:00etatik 20:00ak arte ikus daiteke. GMB Akash argazkilariak Bangladesheko Hazaribagh barrutian egindako Setem GKEaren irudi- eta testigantza-erakusketa da, eta barruti horretako langileen lan- eta bizi-baldintzei buruzkoa da. Larrua prozesatu eta oinetakoak ekoizten dituzte bertan.

Hamabi panelen bidez, oinetakoen industriak giza eskubideen, lan-eskubideen, haurren eskubideen, emakumeen eskubideen, gizarte-bazterketaren eta ingurumenaren gainean duen eragina ikusarazi nahi da.

Bangladeshen, larruaren industriak 1.000 milioi euroko negozio-bolumena du urtean. Giza eta ingurumen-kostu handi eta jasanezinean oinarritzen da negozio hori.

Erakusketa honetako argazkiak atera zirenean, Hazaribagheko 155 zurrategiek egunero 21.600 metro kubiko hondakin-ur isuri zituzten tratatu gabe Dacako ibairik handienera, Burigangara. 180.000 bat bizilagunendako ur-iturri nagusia da ibai hau.

2009an, Bangladesheko Auzitegi Gorenak zurrategiak industria horretako hondakin-urak tratatzeko egokitutako eremu batera eramateko agindua eman zuen, baina epea hainbat aldiz luzatu zen.

2017. urteko apirilean larrugintzako hornidurak bertan behera uzteko agindua eman zen, eta horri esker, pixkanaka hasi da lekualdatzea.

Hala ere, ingurumenaren gaineko eragina ez da industria toxiko horrek landu beharreko arazo bakarra. Milaka langile beren osasunerako arras arriskutsuak diren substantzia kimikoen eraginpean daude egunero, behar bezalako babesik gabe.

Erakusketa osatzen duten argazkiak nazioartean ospe handia duen GMB Akash Bangladesheko ekintzaileak eta argazkilariak egin zituen. Bere ibilbidearen zati handi bat giza eskubideen urraketak islatzen eman du. Akash-ek 100 sari baino gehiago jaso ditu nazioartean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun