Baztango 38. Pilota Txapelketako finalak jokatu zituzten igandean

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 17a, 18:00
Baztango 38. pilota txapelketako sariak banatu zituzten igandean Elizondoko pilotalekuan. Ladis Galartza pilotari profesionala bertan izan zen. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Elizondon eta Iruritan jokatutako azken partiden ondotik, Txarutak antolatutako txapelketako sariak banatu zituen Ladis Galarza pilotari profesionalak

Txaruta pilota elkarteak antolatutako Baztango 38. pilota txapelketaren finalak jokatu zituzten igandean Iruritan eta Elizondon. 300 pilotari baino gehiagok parte hartu duten txapelketa aski errotua dago eta Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako pilotariak hartzen ditu. Aurtengo kasuan,  175 bikotek parte hartu dute txapelketan. Horietatik 22 umeen B mailan aritu dira eta bertze zortzi umeen A mailan. Kimuetan 32 bikote aritu dira B mailan eta 19 A mailan; haurretan B mailan 24 eta A mailan 14; kadeteetan B  mailan 16 eta A kategorian 19; gazteetan kategoria bakarrean jokatu dituzte partidak eta 21 bikotek parte hartu dute.

B mailako finalak Iruritan

Igandean B mailako finalak Iruritan jokatu zituzten.

  • Umeak B mailan, Ataungo Unax Agirreurreta eta Aitzol Aramendik 18-9 irabazi zieten Arantzako Iker Arotzena eta Ander Etxegarairi.
  • Kimuak B mailan, Zizurko Oier Goñi eta Aimar Gomezek 18-17 irabazi zieten Leitzako Joanes Olaizola eta Xuban Telletxeari.
  • Haurrak B mailan, Andoaingo Oihan Lantzeta eta Aimar Segurolak 18-2 irabazi zieten Ataungo Harriet Etxabe eta Niko Kontrerasi.
  • Kadete B mailan, Andoaingo Iraitz Goikoetxeak eta Julen Gaztañagak 18-6 irabazi zieten Urretxuko Iraitz Goikoetxea eta Julen Gaztañagari.

A mailako finalak Elizondon

A mailako finalak, berriz, Elizondon, Baztan pilotalekuan jokatu zituzten.

  • Umeak A mailan, Esteribarko Sergio Santesteban eta Ander Garciak 18-10 irabazi zieten Andoaingo Amets Cabeza eta Izei Aierberi.
  • Kimuak A mailan, Ataungo Mikel Altzuak eta Ordiziko Iñigo Alberdik 18-12 irabazi zieten Alegiko Mattin Elola eta Errenteriko Aitor Etxeberriari.
  • Haurrak A mailan, Oiartzungo Oihan Etxeberria eta Mikel Leonetek 18-9 irabazi zieten Oronozko Joel Garaikoetxea eta Hernaniko Aiur Elizazuri.
  • Kadete A mailan, Irungo Unai Amaino eta Tolosako Martxel Iztuetak 18-14 irabazi zieten Hernaniko Jon Jara eta Laudioko Arkaitz Eskuzari.

Gazte mailan, azkenik, Esteribarko Javi Murillo eta Joxe Lazkozek 22-16 irabazi zieten Paz Zigandako Iker Ibarra eta Arai Murillori.

Sari banaketa ere Elizondon izan zen eta Ladis Galartza pilotari profesionalak parte hartu zuen. Ondotik, lanean aritutakoek bazkaria egin zuten.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun