Elikadura burujabetza, feminismoa eta defentsa hizketagai izan dituzte igandean Baztanen

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 16a, 17:00

Aroztegia gelditzeko eskatuz bukatu zituzten jardunaldiak.

Aroztegiko kanpoko aldean salaketa eginez akitu zuten Elikadura burujabetza eta feminismoari buruzko jardunaldia. Lurra sentituz, emakumeok elkarrekin ereiten lelopean, elikadura burujabetza, feminismoa eta lurralde defentsari buruzko foroa izan dute asteburuan Iruñean eta Elizondon. Aroztegiko kanpoko aldean salaketa eginez akitu dute jardunaldia.

Asteburuan elikadura burujabetza, feminismoen eta lurraren defentsaren inguruko foroa egin dute Iruñea eta Elizondo artean. Euskal Herri osotik eta bertze tokietatik hurbildutako ehun lagun inguruk Iruñean egindako mahai-inguru eta mintzaldietan parte hartu zuten, larunbatean. Igandean berriz, berrogeita hamar parte hartzaile hirigunea utzi eta landa eremurat hurbildu ziren, Baztanerat; proiektu agroekologikoak ezagutzerat eta lurraren defentsan Aroztegiko eta Erdizeko proiektuak zertan diren ikasterat.

Baztango hitzordua ibilaldi gisan antolatu zuten, horrela, Elizondoko plazatik Lekaroz aldera abiatu ziren, Aroztegia aldea ezagutzeko. Ibilbidean geldialdiak egin zituzten Baztango Xurie eta Baztango Zaporeak Ana Iriarteren eskutik ezagutzeko, Amaia Iturririaren baserri agroekologiko proiektua zertan den jakiteko eta Maria Goienetxe eta Miren Meokiren eskutik Erdiz eta Aroztegiko proiektuei buruzko argibideak hartzeko. Goizeko itzuliaren ondotik Amezti elkartean bazkaria egin zuten, modu horretan jardunaldiari akabera emanez. Asteburuko jardunaldia Mugarik Gabe, Mundu Bat eta Ipes elkarteek antolatu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun