Zinemako grabazioak egiteko Nafarroako lehendabiziko platoak prest daude Lekarozen

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 16a, 09:30

Nafarroako ikusentzunezkoen sektorea bultzatu eta Baztango bailara dinamizatzeko baliagarria izanen dela aipatu zuten abenduaren 13ko inaugurazioan

 

Lekarozko enpresa-campusean dauden Melitón cinema estudioen inaugurazioa egin zuten abenduaren 13an. Azpiegiturak zinema, telebista eta publizitate zein bertzelako ikusentzunezkoak ekoitzi eta grabatzeko gailuak ditu. Nafarroan ezarri diren lehendabiziko zinemako platoak dira eta Nafarroako ikusentzunezko sormen sektorea bultzatzeko zein Baztango bailaran egiten diren enpresa ekintzak dinamitzatzeko balioko duela adierazi zuten inaugurazio ekitaldian.

Estudio zinematografikoak bisitatzen izan ziren Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria eta lehendakariordea, Jose Maria Aierdi; Politika Ekonomiko eta Enpresarialeko zuzendari nagusia, Izaskun Goñi; Kulturako zuzendari nagusia, Ignacio Apezteguia; Joseba Otondo Baztango alkatea eta Melitón Film Studios-en zuzendaria, Joaquín Calderón. Ekitaldian, halaber, Nafarroako ikus-entzunezkoen industriako ordezkariek eta hainbat agentek hartu dute parte.

 

Milioi bateko inbertsioa

Historikoki Lekaroz ikastetxe zaharra zegoen eremuaren birmoldaketa urbanistikoa egin eta gero (egun, hizkuntza-murgiltze zentroa eta aterpetxea daude bertan), Nasuvinsa sozietate publikoak, sektorearen eskaera kontuan hartuta, milioi bat eurotik goitiko inbertsioa egin du estudio zinematografikoa eraikitzeko; bertan, 700 eta 100 metro koadro erabilgarriko bi plato daude, hurrenez hurren, filmatzeko eta ikus-entzunezko produkziorako beharrezko ekipamendu eta teknologia guztiekin, 4.000 metro karratuko berdeguneaz eta zerbitzuez inguratuta.

Instalazioak Passivhaus eraikinean eraiki dira, eta Melitón Film Studios etxeari alokatu zaizkio ustiatzeko eta Nafarroan industria zinematografikoa eta ikus-entzunezko sormena bezalako sektore emergentearentzat funtsezko azpiegitura gisa erabiltzeko; hori da, hain zuzen ere, Nafarroako Espezializazio Estrategiako sei ardatzetako bat. Platoak erabili daitezke tokiko produkziorako zein Nafarroako profesionalen prestakuntzarako nahiz Nafarroan filmatzeak egiteko kokapen bila dabiltzan produkzio-etxeek erabiltzeko.

 

Erakundeen lankidetza

Bertzalde, Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoaren eta Enpresarialaren Departamentuak Lekarozen instalazio hori kokatzea erraztu du NS3 garatu denetik, zerga-pizgarri eta guzti, eta Kulturako Departamentuak tokiko ikus-entzunezko sektorearentzat laguntzak eskaini ditu, biak proiektu hori gauzatzen ere parte hartuaz. Horrez gain, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta Nafarroako Unibertsitateko Ikus-entzunezkoen Komunikazioko Fakultateak hitzarmen banarekin Baztango estudioetan profesionalak eta teknikoak prestatzeko programak garatzen lagunduko dute.

Ekitaldian, Aierdi lehendakariordeak nabarmendu nahi izan zuen Nafarroan ikus-entzunezko sektoreak dituen indarra eta dinamismoa, baita zinemaren lurralde gisa dituen aukerak ere. Modu berean, sormen industriek enplegua sortzeko eta landa-gunean lurraldea garatzeko palanka izan daitezkeela aipatu zuen. Lekarozen filmatzeko estudioak kokatzeko eragiketa zehatzari dagokionean, kontseilariak nabarmendu zuen «itxuraz hain desberdinak diren hirigintza —diziplina metodikoa eta arrazionala— eta zinema —zazpigarren artea, lirika eta indar dramatiko osoarekin— bezalako bi mundu elkar daitezkeela landa-gunean eta Baztango nortasuna eta sinbologia dituen haranean aukerak eta dinamismoa eskaintzeko».

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun