Elizondoko Lanbide Eskolako ikasleak eta Zahar Etxeko erabiltzaileak elkarlanean

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 12a, 06:30
Elizondoko Lanbide Eskolako ikasleak eta Zahar Etxeko erabiltzaileak, elkarrekin.

Ikasketa eta zerbitzu solidarioa uztartzen duen proiektua lantzen ari dira

Elizondoko Lanbide eskolak eta Elizondoko Francisco Joakin Iriarte zahar etxeak martxan jarri duten proiektuan Oinarrizko Lanbide Heziketako eta Lanbide Heziketa Bereziko ikasleek parte hartzen dute zahar etxeko agure batzuekin batera.

Elizondoko Lanbide Eskola eskola metodologia aldaketa batean murgilduta dago eta aldaketa horren adibideetako bat “ikasketa eta zerbitzu solidarioa” da. «Bertan eskola inguruan ikusten ditugun beharrak identifikatu, analizatu eta ikasleekin batera behar horiei erantzun bat ematen saiatzen gara», dio Lanbide Eskolako irakasle taldeak.

Ikasturte honetan zahar etxea izaten ari da ardatzetako bat. Lehendik ere  zahar etxearekin izan dituzte harremanak, 35 urtez Eguberrietan zahar etxera joan baitira gabon kantak abestera. Aurten erlazioa sakondu nahi izan dute eta proiektu berritzaile bat martxan paratu dute.

«Egoitza honetan dauden erabiltzaile anitzek ez dute familiekin goxatzeko aukerarik izaten –diote Lanbide Eskolatik – eta senti dezaketen bakardade hori kontutan izanik, astero-astero beharrezkoa duten hurbiltasun eta goxotasun hori ematera hurbiltzen dira gure ikastetxeko gaztetxoak. Une horietan hitzekin deskriba ezinezkoak diren momentuak sortzen dira. Ikasleen begietan erabateko konpromisoa ikusten da eta aiton amonak ere pozik ibiltzen dira haien abentura eta bizipenak ikasle hauei kontatzen».

Elkarrekintza horretan gauza anitz ikasten dituzte ikasleek (matematikak, hizkuntza, komunikazioa, zientziak...), baina, ikaskuntzarik handiena adinekoekin nola jokatu eta haien beharrak nola ase ditzaketen jakitea da. «Azken batean, kontutan izan behar dugu Lanbide Eskolako ikasle hauek, laster, lanera joanen direla eta lanean errespetuz jardutea ezinbertzekoa dela», diote irakasleek.

Aipatutako guztiak ederki laburtzen du Ikasketa eta Zerbitzu Solidarioa. “Ikasketa” eta “Zerbitzu Solidarioa” eskutik helduta doazen bi termino dira. Ikasketaren bidez zerbitzua hobetzen da (ikasitako hori errealitatean ekintza gisa aplikatuz) eta zerbitzuak ikasketan ere laguntzen du (esperientzien bidez motibazioa pizten baita eta motibazioa ikaskuntza prozesuaren iturria da).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun