Amaiurko historia gogoan bertze urrats bat

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 12a, 11:00
Azken hamar urteotan Amaiurko Gazteluan egin dituzten indusketa arkeologikoetan egindako aurkikuntzak ikusarazi eta duela 500 urte gertatu zenaren berri emateko bisitarien gunea eraiki nahi dute Amaiurren.

2006az geroztik Aranzadi Zientzia Elkartearen bitartez urtero Amaiurko Gazteluan egin diren indusketa arkeologikoetan egindako aurkikuntzak ikusarazi eta duela 500 urte gertatu zenaren berri emateko helburuekin bisitarien gunea eraiki nahi dute Amaiurren

Leku berezia du Amaiurko Gazteluak Euskal Herriaren historian, eta 500 urte pasatuta ere badu zer kontatua. 2022ko uztailean, bortz mende beteko dira Gaztelak Amaiurko Gazte- lua eraitsi zuenetik. 1512an Nafarroa konkistatu ondotik, erresuma berreskuratzeko azken saiakera izan zen, baina Gaztela nagusitu zen. 10.000 soldadu bidali zituen Amaiurko Gaztelua setiatzera, eta gogor borrokatu arren, Nafarroako Erresumaren aldeko 200 gudariak garaitu zituzten.

Hura gogoan, egiari ateak zabaldu nahian segitzen dute Amaiurren. Hori izan zen 1922an Gaztelu mendian monolitoa eraiki zutenen asmoa eta 1931n lehertu ondotik, bide beretik goratu zuten 1982an. Tartean ibili zen Jexux Urrutia Jauregi (Amaiur): «1975ean auzolanean hasi eta 1977an akitu genuen Amaiurko Gazte- lu Elkartea. Elkartzeko toki bat egiteaz gain, gazteluaren alde lan egiteko sortu genuen, batetik, 1931n dinamitatu zuten monolitoa berriz goratzeko eta bertzetik, 1522an pasatu zena jendeari ezagutarazteko».

Auzolana izan zen monolitoa zutitzeko gakoa: «igandetan maldan beheiti joanak ziren marmol harriak biltzen hasi ginen eta batzuk berriak egin genituen». Kanpo laguntzaz ere behartu ziren: «1922an bezala, lau diputazioei eta bertze aunitzi babesa eskatu genien, eta gatazka batzuen on-doan lortu genuen. Jaurlaritzako lehendakaria zen Karlos Garaikoetxeak harrera ona egin zigun eta Ajuria Enera  bazkaltzera ere gonbidatu gintuen». 1982ko urriaren 10ean inauguratu zuten monolitoa eta orduko «oroitzapen onak» ditu: «alde guztietatik jende aunitz etorri zen, zazpi herrialdeetako agintariak... Izugarria izan zen».

«Gazteluak bizirik dirau 500 urte berantago»

Joxe Urrutia Juanikotena, Amaiur

 

14 urte indusketa lanetan

2004an eman zuten bertze pauso erabakiorra. Juan Mari Aleman Irungarai (Amaiur, 1970) herriko alkate zela, «zerbait gelditzen ote zen jakin-minez, laguntza eske hasi ginen». Arkeologia taldetara gutuna idatzi eta Aranzadi Zientzia Elkartetik erantzun zioten.

Bi urteren buruan, indusketekin hasi ziren. «Monolitoan argindarra paratzeko aitzakiarekin, larrialdietako lagin arkeologikoa egin zen eta sorpresa handia hartu genuen, hamar zentimetro lurra kenduz, lehendabiziko aztarnak agertu zirelako: bi dorre zati, harresi zati bat...». Abiapuntua baino ez zen izan, baina «induskatzen segitzeko indarra eman zigun», dio Alemanek.

Ordutik urtez urte lan eginez, monolitoaren tokian, gaztelu oso bat aurkitu dute; baita bizimodu baten erakusle diren 2.000 objektu baino gehiago ere. Alemanen hitzetan, «batzuk ikusgarriak dira, kanoi bolak eta Erdi Aroko ezpata, adibidez, eta bertze batzuk ez hainbertze, baina arras garrantzitsuak». Adibide gisa, «Europa osoko txanponak» aipatu ditu: «Gaztelua jatorrian Iruñea eta Baiona artean bidesariak jasotzeko zen». Bertze «ondorio garrantzitsuez» ere aritu da: «Gazteluaren planta geometriko zehatza ezagutu dugu eta kanoi bolak paretetan sarturik ikusiz baieztatu da Amaiurko Gaztelua indarkeriaz suntsitu zutela, 1512an Gaztelak Nafarroa konkistatu zuenean bezala». 

«Baieztatu da gaztelua indarrez suntsitu zutela»

Juan Mari Aleman Irungarai, Amaiur

 

Auzolanaren indarra

Joxe Urrutia Juanikotena (Amaiur, 1967) egungo alkatearendako, Gazteluan egin dena «oinarrian auzolana duen lan profesionala izan da. Boluntarioei esker egin da, baina ikuskaritza zientifiko eta profesionala Aranzadik eman dio». Herritarrak, ordea, ez dira besoak gurutzatuta egon. 14 urtez abuztuko lehendabiziko bi asteetan hurbildu diren boluntarioak esku zabalik hartu dituzte: «Gazteluan induskatzea gure eskaera izan zenez, garbi genuen gure eskuetan zegoen guztia eginen genuela hamabortzaldi hori herrian pasatzeko». Eta horrela izan da: «Herriko Etxeko sabaian dugun 40 lagunendako aterpean egiten dute lo eta taldea herrira ailegatu aitzinetik beraiendako janari bilketa egiten dugu».

Naiara Arrizabalaga Bilbao (Ondarroa, Bizkaia, 1981) da indusketetan ibilitako bat. Gasteizen Historia ikasten ari zela ezagutu zuen Aranzadiko Juantxo Agirre Mauleon eta haren gonbita onartuz, 2008ko abuztuan abiatu zen Amaiurrera. «Bederatzi urtez» ibili da Amaiurren, «engantxatuta» gelditu zelako 2010ean ezpata aurkitu zuten egunean: «ez nuen inoiz hitz bat aurkitu une hartan sentitutako emozioaren handitasuna jasotzeko». Orain, ordea, «ezpata inkreibli» izenarekin oroitzen dute, Ondarroako euskalkian; hori izan zelako «Uxue Barkos presidenteak, gazteluan, ezpata agertutakoan zer sentitu genuen galdetuta erantzun niona». Halere, ezpata berari eta Hodei lagunari agertu izana «aurreko urteetan zein Unai Iraolak goiz hartan eginiko lanari esker» izan zela adierazi du.

«Lagunak, esfortzua, ikasketa, talde-lana, pazientzia, kultura, gure historia, praktika eta aurkikuntza». Hori guztia lotzen du bizkaitarrak Amaiurko Gazteluarekin.  «Ohorea» sentitzen du «gazteluaren historiaren jakitun hurbiletik» egin delako. Amaiur eta herritarrekiko ere hitz politak ditu: «nire izate ederrena bizitzeko aukera eman didan txoko txiki ederrenetariko bat da eta herritarrek dena eman digute. Enrike Lekuonak esan bezala, 'gaztelu bateko harrien bila etorri ginen eta herri oso batekin topatu ginen'». Eta Aranzadiz miresmenez mintzo da: «batzuek ezkutatu edo isildu nahi izan dizkiguten historiaren pasarteak eta horiek ulertzeko behar genuen giltza ezagutzeko aukera eman digu».

«Gure historia ukitzeko tokia izanen dugu»

Jexux Urrutia Jauregi, Amaiur

 

Bisitarien gunea eta fundazioa

Bertzelako pausoak ere eman dituzte. 2013an monolitoaren inguruan pasarela eraiki zuten eta 2016an aurkikuntzekin Iruñean erakusketa ireki zuten.

Orain, erakusketa hartan bildutakoa etxera ekarri nahi dute eta horretarako bisitarien gunea eraikitzeari ekin diote, bertzeak bertze, «bisitariak informazio osoa eskura eta erakusketa modu iraunkorrean ikusgai izan dezan», dio Alemanek. Bi solairuko «zurezko eraikin modernoa eta jasangarria» elizaren gibeleko aldean zegoen lehenagoko behitegian kokatuko dute eta erakusketa gela, tailerren gela, Pello Esarte ikerlari baztandarraren izena hartuko duen Nafarroako historiari buruzko liburutegia, hitzaldien gela, harrera, ostatua eta jatetxea izanen ditu.

Bide horretan, «dirulaguntza partikular batekin, 2017an elkarteak behitegia erosi zuen eta aurten, Parlamentuak emandako 250.000 eurorekin, behitegia bota eta lur eremutik pasatzen den tentsio handiko argindar sarea lurperatu dugu». Hurrengo fasean «eraikina goratu» nahi dutela azaldu digu Alemanek, baina  hori lortzeko «finantziazio bila» ari dira. «Hainbat eragilerekin harremanetan jarri gara eta mezenasgo kanpaina badugu».

Gaztelu Elkarteak 2016tik du Mecna zigilua, eta hala, elkarteari lagunduz errenta aitorpenean zerga-desgrabazioa izaten da. Hortik doa Alemanen mezua: «urte hondarrean dirua sobra baldin baduzue, Amaiurko Gazteluari ematen ahal diozue». Diru horrek gazteluan eta bisitarien gunean harri bat gehiago paratzeko balioko du.

Bertzetik, «bisitarien gunea kudeatzeko» Amaiur Fundazioa osatu nahi dute, Gaztelu Elkartea, Baztango Udala, Nafarroako Gobernua, Aranzadi Zientzia Elkartea eta gazteluaren lagunen ordezkaritzarekin.

«Historia hurbiletik jakitea ohorea da»

Naiara Arrizabalaga Bilbao, Bizkaia

Historia ezagutzeko urratsa

Pausoz pauso badoaz aitzinera, ilusioz eta gogotsu. Proiektuari esker, «gure historia ikusi eta ukitzen ahalko den toki prestatua» izanen dutela goraipatu du Jexuxek, «haur eta helduek jakin dezaten Gaztelako errege katolikoak Nafarroako Erresuma nola inbaditu zuen, Gaztelako koroari erantsiz». Alkateak, berriz, argi du «herriaren balio historikoa handituko» dela: «monolitoa sasiz inguratua egotetik zerbait bizia izatera ailegatu da. 500 urte berantago gazteluak eta han gertatuak bizirik dirau».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun