Nafarroan ehizaren alde agertu da Baztango Geroa Bai

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 10a, 19:00
Ehiza Nafarroan sustrai sozial, kultural eta ekonomiko sendoak dituen jarduera dela dio Baztango Udalak onartutako mozioak.

Balleko Etxean aurkeztutako mozioa Geroa Bai, Baztango Ezkerra eta Navarra Sumaren aldeko botuekin onartu zen eta EH Bilduk abstentziora jo zuen

Pasa den urriaren 24an hileroko udalbatzaren ohiko saioa egin zen Baztango Udalean. Eztabaidatu ziren gaien artean Nafarroako Ehiza Federazioak ehiza babesteko aurkeztutako mozio bat zegoen, eta euskaraz zein gaztelaniaz aurkeztutako mozio horretan jarduera zinegetikoaren defentsa eskatzen zen bi puntutan. Geroa Baik, Baztango Ezkerrak eta Navarra Sumak alde bozkatu zuten eta EH Bilduk abstentziora jo zuen. Baztango Geroa Baik jarduera honen defentsarako bere aldeko botoa argudiatu zuen, Federazioaren bidez egiten den ehizaren kudeaketa balioetsiz, bai eta tokiko ehiztarien Kirol Klubek egiten duten kudeaketa ere, zehazki Baztangoak burutzen duena.

Mozioak zioenez, «ehiza Nafarroan sustrai sozial, kultural eta ekonomiko sendoak dituen jarduera da eta Nafarroako botere publikoek lagundu, babestu eta sustatzea merezi du, bioaniztasunaren kontserbazioari eta Nafarroako landa munduaren garapen sozioekonomikoari egiten dion mesedeagatik». Bertzetik, Udalbatzak Ehiza laguntzeko konpromisoa hartu zuen, eta Nafarroako Gobernua eta Estatuko Gobernua jarduera hauek laguntzera premiatzen ditu, «landa munduaren garapen sozioekonomikorako motor eta ingurumenaren kontserbaziorako tresna diren heinean».

Botoaren azalpenean ehiztariek beraiek eta hein handi batean haien finantziazioarekin burutu duten lana azaldu zuen Geroa Baik: «Ikerketak eta kolaborazioak, hala nola liztor asiarraren kontrola, erbi europarraren eta mendiko untxiaren berreskurapena, oilagorren eraztuntzea, hegaztiei eraztunak jartzeko haurrentzako jardunaldiak, ibaien zaintzarako protokoloak, pisten konponketa eta egokitzeak, sastraka kentzeak, landatzeak, nekazaritza eta abeltzaintzan kalteen kontrola eta abar». Baztango Ezkerrak ehizaren kudeaketa defendatu zuen ere bailaran basurdeek sortzen ari dituzten kalte handien aurrean kontrolerako metodo moduan. Azkenean Geroa Bai, Baztango Ezkerra eta Navarra Suma taldeen aldeko botoekin onartu zen mozioa. EH Bilduk abstentziora jo zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun