Anizko asteburu kulturala giro ezin hobean

Maitane Maritorena 2019ko abe. 9a, 12:00

Asteburu kultural bete-betea izan dute Anizen. Ortzirale eta larunbatean ekitaldi andana izan zituzten herrian: pizza tailerra, herria ezagutzeko jokoa, kantua, pastizalgo itzulia, ginkana, afaria...

Ortziralean, abenduaren 6an, 16:00etan zegoen egina hitzordua Mendiarte Kultur elkartean Aitorren eta Maiderren eskutik pizza tailerra egiteko. 36 lagun bildu ziren pizza nola egiten zen ikastera. Bortz taldetan banatu ziren, haur eta helduak nahaste, Aitorren eta Maiderren erranei segituz pizzaren masa egin zuten.  Pizzaren masa harrotu bitartean (bi ordu pasa behar baitzituen), ezusteko joko batean aritu ziren bertaratu zirenak. Inori deus erran gabe, aitzineko egunetan Anizko haurrak Iñakirekin eta Anarekin joko bat prestatzen aritu ziren egun kulturalean denok elkarrekin jostatzeko. 

"Aniztarren jokoa" izena paratu zioten jolasari, eta arauak haurrek beraiek azaldu zituzten jostetan hasi aitzinetik: zuloz betetako kaxa handi bat egina zuten. Zulo bakoitzaren ondoan zenbaki bat zegoen, eta pilota sartzen zen zuloaren zenbakia hitz bati zegokion.  Hitz guztiak Anizko pertsona, ohitura, ekintza edo paraje bat ziren, eta hitz bakarreko pistak emanez asmatu behar ziren aurkako taldeak. Bi taldetan banatuta, haurrak helduen kontra aritu ziren eta haurren taldeak irabazi zuen, aise gainera.
 
Jostetaren ondotik, Jaione akordeoilariarekin 'Lau teilatu' kantua kantatu zuten haurren kontrako minbiziaren baitan EITB egiten ari den maratoirat igortzeko.  Hori guztia eginik, afaltzeko tenorea ailegatu zen. Pizzaz ase ziren bertaratutako aniztar guztiak.
 
Larunbatean itzulia, ginkana eta afaria
Abenduaren 7an, larunbatean, goizeko 11:00etan zen hitzordua plaxa-xarren, pastizalgo itzulian toki izenak paratzeko: Marmitz, Azkarate, Berro, Olazar eta Munoa izenak paratu ziren.  Aitorrek  eman zituen azalpenak, paraje bakoitzaren izena, belaiak zein etxetakoak diren, gertaera bitxiak...
 
Arratsaldeko 16:00etan Ainhoak, Maiderrek eta Kristinak  antolatutako ginkana izan zen. Zortziko hiru taldetan banatuta joko desberdinak eginarazi zizkietan parte hartzaileei: eskutik lotuta herrian barna pistak bilatu, talde bakoitzak zuen argazki bat ahoarekin margotu, txontxongiloak egin, antzezlan bat asmatu,  zapi kulturalaren josteta.... bi ordu pasako ginkana ederra antolatu zuten.
 
Ginkararen ondotik, 19:00etan  foturrupe izan zen elkartean,  foturrupe hitz berria asmatu zuten asteburu kulturalerako. Elkartean iazko argazki eta bideoak ikusten aritu ziren bitartean, hurrupean aritu ziren bertaratutakoak, begiak hetsirik edaten ari zirena zer zen asmatu nahian.
 
Akitzeko, umore afaria izan zen Joxe Ramon Aldasororekin. Txiste, kontu eta pasadizo irriemangarriak kontatu zituen bertaratu zirenen gozagarri. Trikiti eta pandero soinuek alegeratu zuten afalondokoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun