Hezurbeltzak taldeak emanaldia eskainiko du igandean Elizondon

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 5a, 19:00
Hermosak, Maiak eta Pittik eskainiko dute emanaldia.

Abenduaren 8an dute hitzordua Arizkunenea kultur etxean, 19:00etan.

Jon Maia idazle, dokumentalgile eta bertsolariak; Gorka Hermosa akordeoilariak; eta Pitti gitarra-jotzaileak osatutako Hezurbeltzak taldeak emanaldia eskainiko du abenduaren 8an, bigarren igandean, Elizondon. 

Baztango Udaleko kultura batzordeak antolatutako hitzordua Arizkunenea kultur etxean izanen da, arratsaldean, 19:00etan. Emanaldiaz gozatzeko ez da sarrerarik erosi beharko. 

 

Emigrazioa eta bazterketari buruzko letrak
Jon Maiaren letrak eta ahotsak Gorka Hermosaren eta Pittiren konposizioekin uztartuz emanaldi ederra eskainiko dute eta, hiru artisten eskutik, ikusleek musikaz haraindi sortutako unibertso propio batean murgiltzeko aukera izanen dute. Kantu eta testuen bidez, emigrazioa eta gizarteko pertsonaia baztertuei buruzko istorioak kontatuko dituzte, «poetika, kritika, umorea eta edertasuna uztartuz, atrezzo eta giro bakan batean aurkeztutakoak». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun