Boliviako estatu kolpea gogor salatu du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 3a, 18:00
Baztango Udalak bere babesa adierazi nahi die Evo Morales presidenteari eta El Alton eta Bolivia osoan kolpearen kontra mobilizatzen hasi diren herritarrei.

EH Bildu, Ezkerra eta Geroa Bairen aldeko bederatzi botoekin eta Navarra Sumaren kontrako hirurekin

 

Baztango Udalak gogor salatu du «Bolivian ematen ari den estatu kolpea» eta Moralesen kontra altxatu direnei «eskubide zibil eta politikoen errespetua eta gatazka negoziazio eta akordioaren bidez konpontzera» dei egiten die, eta «Estatu kolpe honen kanpo-bultzatzaileei injerentzia gelditu eta Boliviako soberania errespetatzera» deitu ditu. EH Bildu, Ezkerra eta Geroa Bairen aldeko bederatzi bozkekineta Navarra Sumaren kontrako hirurekin onartu zen.

Baztango Udalak onartutako adierazpenak dioenez, «azaroaren 10ean Boliviako Estatu Plurinazionaleko Presidente Evo Moralesek bere dimisioa aurkeztu zuen, poliziek eta militarrek behartuta. Dimisioa eman baino lehen Morales presidentearen, bere gobernuko kideen eta Boliviako beste hainbat hautetsien senideen kontrako erasoak eman ziren».

Estatu Kolpe honen ondorioz, «egoera benetan larria da eta konfrontazio zibilerako arriskua handia dela azpimarratu nahi dugu, izan ere estatu kolpea bultzatu duten indarrek errepresioarekin erantzuten ari zaizkio Moralesen alde antolatutako herritarrei. Aurreko hilabetean izandako hauteskundetan Evo Moralesek bozen %46 lortu zituela eta hauteskunde horiek errepikatzeko prestutasuna adierazi duela azpimarratzekoa da ere», dio idatziak.

Balleko Etxeak bere babesa adierazi nahi die Evo Morales presidenteari eta El Alton eta Bolivia osoan kolpearen kontra mobilizatzen hasi diren herritarrei eta baztandarrei dei egiten die «Estatu kolpe honi aurre egiteko antolatzen diren mobilizazioetan parte hartzera».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun