Energia berriztagarriak

GoiEner Kooperatibako bazkide egin da Baztango Udala

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 2a, 20:00

Goiener kooperatibako kideek Anizen urte hasieran emandako solasaldiko irudia.

Baztango Udala GoiEnerreko bazkide egitea eta horretarako 100 euroko ordainketa egitea onartu du azaroaren 28ko batzarrean. Bazkidetzaren alde EH Bildu eta Ezkerraren zazpi bozka izan ziren, Geroa Baiko bi zinegotziek abstentziora jo zuten eta Navarra Suma hiruek kontra bozkatu zuten.

Energia berriztagarrien ekoizpena eta kontsumoa kooperatiben bidez antolatzea gauza arrunta da Europan. Alemanian adibidez energia berriztagarrien ekoizpenaren %47 jende banakoen eta kooperatiben gain dago.

2012an Euskal Herrian Goiener kooperatiba eratu zen, gaurgero 10.963 bazkide dituena eta 13.921 kontratu. 2018an gainera energia berriztagarri proiektuak egiteko Nafarkoop kooperatiba eratu zuten, GoiEner taldearen barnean betiere.

Energia oinarrizko baliabidea da eta herritarren eskuetan egotea helburu du GoiEnerrek; horretarako energiari buruz herritarren kontzientzia hartzea bultzatzen du eta energiaren kontsumo arduratsua eta iraunkorra ere bai.

Irabazi asmorik gabeko kooperatiba da GoiEner eta lortutako etekinak taldean berriz inbertitzen ditu, batez ere kooperatibak berak kontsumitu ahal izateko energia berriztagarri egitasmoetan.

Halaber, GoiEner RESCoopeko kidea da, herritarren 62 kooperatiba biltzen dituen Europako federazioko kidea hain zuzen. Elkarte horretan 250.000 pertsona antolaturik daude, eraginkortasun energetikoarekin eta kontsumo arduratsuarekin konprometituak.

GoinEnerrek, beraz, energia eraginkortasunean eta kontsumo arduratsuan lana egiten du, energia berriztagarrien ekoizpen eta komertzializazioan eta administrazio publikoarekin aholkularitza eta ekimen desberdinetan. Baztango Udalarendako arlo horien sustapena interesgarria denez, GoiEnerren parte hartzea guztiz erabilgarria da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun