Larunbata, abenduaren 7an
11:00etan pastizalgo itzulia eginen dute eta parajeen izenak paratuko dituzte. Iaz herriaren alde bateko parajeak bisitatu eta, zurean zizelkatuta izenak paratu zituzten: Estrakazar, Trinitate, Lurgorri, Lutran, Istilegi eta Amorru. Aurten herriaren bertze alderat joanen dira, eta pastizalgo itzulian iaz hasitakoari jarraikiz, berriz ere, zurean zizelkatutako izenak paratuko dituzte: Munoa, Marmitz, Olazar, Azkarate... Modu horretan, haurrek ere bere izenez izendatuko dituzte belai eta parajeak, Anizko toponimia gal ez dadin.
15:00etan ginkana izanen dute. Joan den urtean, aniztar anitzek parte hartu zuten: etxez etxe ibili ziren gauzak eskatuz baina solastatu gabe, antzerkia ere egin behar izan zuten, mimika jokoa, plastilinarekin irudiak... Aurten ez dakigu iazkoaren ildo beretik joko duen ginkanak, Kristinak, Ainhoak eta Maiderrek altxapean atxikiko baitituzte jokoaren arauak hondar momentu artio. Dena den, ginkanan parte hartzeko izena aitzinetik eman behar da, jokoak antolatzeko lana errazteko.
Ginkanaren ondotik, mahai jokoak izanen dira elkartean eta, akitzeko, txiste afaria. Txisteak edo irri egiteko kontuak. Horretarako Joxe Ramon joanen zaie afalondoan alegeratzera. Afarira joateko izena eman beharko da (txartelak salgai aterako dira).