Demokrazia hitz potoloa da erabiltzailearen ezpainetan eta bere burua demokratatzat duen edonork lezioak lau haizeetara emateko zilegitasuna lortzen duela ematen du. Horrela ikusten dugu politikarien arteko eztabaidetan eta kazetarien solasaldietan. Gurekin, ilegalizazio garaian, bonba eta bozken arteko hautua egin behar genuela iradokiz betetzen zitzaien ahoa. Armen aitzakiapean, herri-mugimendu osoa kolpatu zuten behin eta berriz. Paradoxikoki, Katalunian tortillari buelta eman diote eta kasu honetan erreferendum bidezko bozketa bat eginez sistema barnetik aldatzen saiatu zirenak dira demokraziari eraso egin omen diotenak. Bistan da nor diren ongiaren eta gaizkiaren dominak paratzen dituztenak.
«Iruzur honetan parte hartzeak nolabait konplize bihurtzen gaitu»
Gauzak horrela, argi dago demokrazia honetan ez dagoela edozein proiektu politiko aitzinera eramateko aukerarik. Demagun, futbol partidu batean, haiek arautzen dituztela jokoaren nondik norakoak, zelaiaren neurriak, gure atea handi-handia dela eta haiena berriz arras ttikia, haiek hamaika jokalarirekin jokatzen dutela eta guk seirekin; eta hori gutti balitz, gol bat sartuz gero haiek jarritako epaileek gola baliogabe uzten dutela. Ezinezkoa izanen litzateke partidua irabaztea, ezta? Bada, horrelako zerbait gertatzen da hemen. Estatu mailako hauteskundeetan ezinezkoa da babes zabala izatea, guzira banatzen diren 350 eserlekuetatik 23 bakarrik baitagozkio Hego Euskal Herriari. Autonomikoetan gehiengoak lortzeak aldiz, ezer guttirako balio du konstituzioaren langa parez pare izanda.
Zertara joaten dira independentzia aldarri duten alderdiak Madrilera orduan? Nik behintzat, gero eta zentzu guttiago hartzen diot joateari eta uste dut iruzur honetan parte hartzeak nolabait konplize ere bihurtzen gaituela. Izenaren beraren erranahiak adierazten duen oinarrietatik urrun, gaur egun kapitalaren eta estatu totalitarioen interesak bertzerik ez dira bermatzen eta herritarrak berau zerbitzatzen dugun txorimalo bilakatu gara. Baina bozkatzeak ez badu gure proiektuak gauzatzeko balio, zer egiten ahal dugu? Gauza pare bat okurritzen zaizkit, baina isildu eginen naiz demokraziaren izenean.