'Bilbao 2020 Eurokopa honi ez!' ekimena aurkeztuko dute gaur arratsaldean Elizondoko gaztetxean

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 22a, 14:00

Espainiako futbol federazioak erabaki du Bilboko San Mamesen taldeen faseko hiru partida eta final zortzirenetako partida bat jokatuko dituztela.

2020ko udan UEFAko Eurokopako 16. edizioa ospatuko dute eta Espainiako futbol federazioak  Bilboko San Mamesen taldeen faseko hiru partida eta final zortzirenetako partida bat jokatuko dituztela erabaki du. Horren aurka, Bilbao 2020 Eurokopa honi ez! ekimena jarri dute martxan. Gaur, 19:o0etan Elizondoko gaztetxean azalduko dituzte ekimenaren inguruko xehetasun guztiak.

«Eurokopa hau ez dugu nahi, ez Bilbon ez Euskal Herriko beste edozein hiritan ere», diote antolatzaileek. Salatu dute Euskal selekzioari ofizialtasuna ukatzen zaion bitartean,  Espainiako eta Frantziako selekzioek Bilbon jokatzeko aukera izanen dutela: «gure zapaltzaile zuzenak diren Espainiako eta Frantziako Estatu burgesen selekzioek Bilbon jokatzeko aukera izango dute, euskal burgesiaren babesarekin nahi ez dugun txapelketa inposatuz». Halakorik gertatzen den aurreneko aldia ez dela ere gaineratu dute: «G7arekin edo Espainiako ltzuliarekin egin duten bezala, Espainia eta Frantziako estatuek aukera guztiak baliatuko dituzte Euskal langileriaren proiektu nazionala berriz ukatzeko. Izan ere, Espainiako estatuak Euskal Selekzioari ateak ixten dizkion bitartean, Bilbo Espainiako hiria bailitzan saltzen du nazioartean,EAJk ordezkatzen duen burgesia autonomistaren konplizitatearekin». Honen guztiaren kontra Euskal Herrian abiatu duten dinamikaren nondik norakoak azalduko dituzte Elizondon.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun