Azaroak 25

Azaroaren 25aren bueltan antzerkia eta elkarretaratzea izanen dituzte Baztanen

Azaroaren 25eko Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harirat hainbat ekitaldi prestatu dituzte Baztanen.

Elizondon 'Alu ulu' antzerki-foroa izanen dute eta Iruritan 'Tomiris' antzezlana izanen da ikusgai

Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harirat, Baztango Udaleko Berdintasun Batzordeak antolatuta, hainbat ekitaldi izanen dituzte azaroan Baztanen. Ekitaldiak hilaren 25eko manifestazioarekin borobilduko dituzte.

'Alu ulu' antzerki-foroa Elizondon

Azaroaren 19an Elizondoko Arizkunenea kultur-etxean, asteartean 19:00etan, dute lehendabiziko hitzordua. Bertan, Emakumeen sexualitatea umoretik, onarpenetik eta plazeretik plazaratzeko tresna gisa ikusarazten duen Alu ulu antzerkia ikusteko aukera izanen dute. Horren helburua, «norbere buruarekiko tratu onak, harremanak, plazera... erdigune izatea» da.

Biharamunean, hilaren 20an, antzerki bera Lekarozko institutuko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailako ikasleendako eskainiko dute (kasu honetan, ez da publikoari irekia izanen).

 

'Tomiris' antzerkia Iruritan

ATX Teatroaren eskutik, Tomiris ikuskizuna izanen da azaroaren 24an, igandean 19:00etan,, Iruritako Damaso Zabalza Gizarte Bilgunean. Biolentzia matxista ardatz duen eta errealitatea eta fikzioa uztartzen dituen «istorio gordin bezain sentsuala, erreal bezain fantastikoa, zorrotz bezain zolia» ikusteko aukera izanen dute. Sarrera dohainik izanen da.

 

Elkarretaratzea eta manifestazioa Elizondon

Ekitaldiak azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunean, akituko dituzte. Astelehen eguerdian, 12:00etan, elkarretaratzea eginen dute Elizondoko Foruen Plazan. Arratsalderako, berriz, manifestazio burrunbatsua antolatu dute. 19:30ean abiatuko dira Foruen Plazatik eta herritar eta ingurukoei aldarrikapenekin bat egin eta parte hartzeko gonbidapena luzatu diete.

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun