Klima larrialdia eta krisi ekosozialari buruzko mintzaldiak jendeketa bildu zuen Elizondon

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 15a, 09:00

Jendetza handia bildu zen Arizkunenean, Luis Gonzalez Reyes zientzia kimikoetan doktorearen solasaldias aditzera.

Aurtengo Landa Begiradak jardunaldien barnean Klima larrialdiari eta krisi ekosozialari buruz mintzatu zen Luis Gonzalez Reyes zientzia kimikoetan doktorea, azaroaren 9an Baztanen egin zen solasaldian. Elizondoko Arizkunenea kultur etxeko mintzaldien aretoak gainezka egin zuen, gaiak herritarren artean sortzen duen kezkaren erakusle argia.

Gonzalezek indarrean diren hiru krisi aipatu zituen: ekonomikoa, soziala eta ingurumen aldekoa, hiru krisiak elkarren artean harremanduz. Berrikuntza historiko gisa ingurumen krisiaren zabalkundea aipatu zuen, aitzineko garaietan inoiz ez bezala munduko herritar eta lurralde guztiak hartzen baititu eta horrek oraingo antolakunde sozial eta ekonomikoa kinkan paratzen baitu eta horrekin, bizitza bera.

Hitzaldi mamitsu eta sakona eskaini zuen eta bizpahiru gauza nabarmentze aldera, lehenik eta behin kapitalismoaren etengabeko hazkundearen logika eta lurraren muga biofisikoak bateraezinak direla aipatu zuen. Sistema kapitalistak funtzionatzeko aldiro hazi behar du, baina lurra mugatua da, hortaz, horretan segituz gero jendeak bizi ahal izateko lurreko oinarrizko baldintzak xehatuko dira.

Ildo horretan kapitalismo industrial eta globalaren emaitza den berotegi efektu gasen isuri hazkorra aipatu  zuen, indarrean den produzitzeko eta kontsumitzeko sistemak sortzen duena. Modu horretan, mundu mailan gaurgero zientzialarien artean gaiari buruz dauden adostasunak aipatu zituen eta, 2050 urterako tenperaturaren hazkundea 1,5º ra mugatzea lortzen ez bada, ondotik etorriko diren belaunaldiendako munduko baldintzak errotik aldatuko direla jakinarazi zuen.

Bertzalde petrolio merke eta eskuragarriaren erauzketaren gailurraz mintzatu zen eta horren gainbehera historiko aldiaz. Aldi berean, sistema industrialarendako oinarrizkoak diren bertze hainbat mineralen agorpena aipatu zuen eta horrek gaurgero sortzen dituen nahasmenduak: krisi ekonomikoaren handitzea, gero eta guttiago diren baliabide horiek eskuratzeko gerrak…

Ingurune beltz horretan jendeek bizitza justu eta duinak antolatzeko duten aukera tarteaz ere aritu zen. Aipatutako aldagai guztiek joko zelaiaren markoa ezartzen dutela erran zuen baina horren barnean nola antolatu, jendeen gain dagoela. Horregatik, eskenategi autoritario eta ekofaxistak sortu daitezkeen bezala, justuak eta neurrizkoak diren antolakunde moduak sortu daitezkeela. Horretarako bertzeren artean, aberastasuna banatu behar dela aldarrikatu zuen eta askitasun eta neurrizkotasuna bulkatu behar direla.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun