«Arantzazu euskararen eta euskal kulturaren gordailu izan da»

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 10a, 11:00
Miren Mindegia elizondoarra.

Miren MINDEGIA PETRIRENA

Lanbidez kazetaria eta Nabarralde Fundazioko komunikazio-arduraduna da Miren Mindegia (Elizondo, 1985). 2015ean hasi zen Nabarralden lanean, baina «lehendik ere» ezaguna zuen Fundazioa, «Nafarroako historia ezagutzera emateko egin duten dibulgazio-ibilbideagatik». Aukera sortu zitzaion momentuan, ez zuen zalantzarik egin, jakin-minak asetzeko aukera sortu baitzitzaion. Mindegiaren ustez «gure herriaren historia ezagutzea inportantea da».  

Gaur egun, dozena bat lagunek lan egiten dute 700 babesle baino gehiago dituen Fundazioan, guztiek helmuga berera begira: «gure historia euskaldunon ikuspegitik kontatzea». Helburu hori lortze aldera, lan handia egiten dute: «alde betetik, liburuak eta ikus-entzunezkoak argitaratzen ditugu; bertzetik, ikastaroak eskaintzen ditugu, online zein aurrez aurrekoak; eta azkenik, jardunaldiak egiten ditugu. Gure esku dagoen guztia».

Azken aldian Arantzazu, harriz herri dokumentalarekin aritu dira buru-belarri: «otsail-martxo inguruan hasi ginen lehenbiziko bilerekin, taldea antolatu, Arantzazuko jendearekin bildu, mezua josi…». Lehendik ere, ideia bueltaka zerabilten: «memoria lekuen kontzeptua, historiako pasarteak gordetzen dituzten lekuak, lantzen ari ginen». Horrez gain, «Oteizaren eskulturak Arantzazuko atarian jarri zirenetik mende erdia betetzen zenez», hori aukeratu zuten.

Bertze hainbat faktoreri begira ere, hautaketa ona zelakoan zeuden: «Arantzazu gure historian toki garrantzitsua izan da eta historia bizia da. Izan ere, bertan dauden fraideek bertako momentuak bizi dituzte (horien artean elkarrizketatua izan den Peio Zabalak). Ingurunea zoragarria da eta hori dokumentaletan garrantzitsua da». Arantzazuren bi oinarri nagusiak ere ageriko egin ditu Mindegiak: «alde batetik, artean egindako erreforma iraultzailea nabarmena izan zen. Izan ere, arkitektura erlijiosotik aldendu eta herria identifikatua sentitzea izan zuten helburu; eta bestalde, euskara eta euskal kultura ia-ia debekatua zegoen garaian euskararekiko erakutsi zuten konpromisoa izugarria izan zen».

«Arantzazuko fraideek euskara eta euskal kultura ia-ia debekatua zegoen garaian euskararekiko erakutsi zuten konpromisoa izugarria izan zen»

 

Horri guztiari forma eman eta bi gai horiek jorratzeko lekukotasunak bildu dituzte: «frantziskotarren zaindaria Juan Inazio Larrea; Oteiza museoko Elena Martin… elkarrizketatzeaz gain, dokumentazio-lan handia egin dugu. 25 minututan informazio hori guztia biltzea ez da erraza izan». 

Egindako lanaren aitortza jaso zuten irailaren 26an: «Hernanin aurkeztu genuen eta 100 lagunetik goiti bildu ziren, harrera arras ona izan zen. Helburua ikuspegi hori eman eta hausnarraraztea zen eta hori lortu dugula uste dut». Ikuspegi orokor horrekin gelditzeaz gain «bertako historia ikuspegi horretatik kontatuta ez zegoen oraindik eta hori ere eskaintzen du».

Hernanitik Donostiara, Donostiatik Oñatira eraman dute gure historia; eta abenduan Durangoko azokan ikusaraziko dute. Tartean bertze geldialdiren bat izanen dute eta adierazi digunez, «Nafarroan ere ikusarazi nahi genuke, Iruñean eta Baztan-Bidasoa aldean». Dokumentala USB formatuan ere salgai paratu dute «online dendan eta liburu-dendetan eskura daiteke».

Orain artean egindeko proiektuekin alderatuta, «dokumentalaren kalitatea» nabarmendu du: «Nabarraldek ez du zinea egiten, eta hori kontuan hartu behar da. Baina kasu honetan Jesus Iriarteren lanari esker, dokumentalak kalitate arras ona du».

Orain Euskal Historiaren eta oroimen historikoari buruzko ikastaro batean murgilduta daude eta halaxe ibiliko dira abendura arte. Bat akitu aitzinetik hurrengora begira hasiak dira: «memoria lekuen kontzeptua jorratzen segitu nahi dugu, hainbat formatutan». Eskuartean «berrikuntza» bat ere badute: «Asisko Urmenetaren komiki bat aterako dugu. Durangorako prest izanen da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun