Hainbat hitzordu antolatu dituzte Berroetan ondoko egunetarako

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 6a, 15:00
Joan den larunbatean 50 bat lagun bildu ziren Berroetako elkartean egindako afarian. Argazkia: Maialen Iantzi.

Azaroak hilabete ilunaren fama duen arren, horri buelta emateko hainbat hitzordu antolatu dituzte Berroetan. Joan den larunbatean, herritarrek afaria egin zuten; ortzirale honetan Lukas panpina herrian izanen dute bisitan; igandean mendi itzulia eginen dute eta astelehenean bazkaltzeko bilduko dira.

Joan den larunbatean, iraganako San Martin bestak gogora ekarriz, berroetarrek afaria egin zuten elkartean. 50 bat lagun elkartu ziren eta akordeoiaren doinuekin dantzan eta kantuz pasatu zuten gaua.

Ortzirale honetan, berriz, azaroak 8, minbizia duten haurrei eta beren familiei laguntzeko sortu den Lukas panpina Berroetan izanen dute bisitan. Ortzirale arratsaldean Berroetako haurrek eta hurbiltzen diren guztiek panpinarekin jolasteko aukera izanen dute, eta bakarren batek ekonomikoki lagundu nahi badu, horretarako aukera ere izanen du.

Igandean, berriz, eguraldiak laguntzen badu, mendi itzulia eginen dute. Urtero Berroetan antolatzen duten mendi lasterketa egunean herritar gehienak lanean izaten direla kontuan hartuz, asteburu honetan ibilbidea ezagutu bidenabar itzulia egiteko aukera eskaini nahi dute. Hurbileko ekitaldiekin akitzeko, urtero gisa, San Martin Egunean bazkaria eginen dute herriko elkartean. Aipatu behar da jende andana elkartu ohi dela iraganeko bestak gogoratu eta biziberritzera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun