Klima larrialdia eta krisi ekosoziala aurtengo Landa Begiradak-eko gai nagusia

Bere ametsen bila hiria alde batera utzi eta Normandiako herri batean artzaintzan hasten den ama ezkongabearen bizia kontatzen da 'Jeune Bergère' filmean.

Ortziralean ‘Jeune Bergère’ filma eskainiko dute Arizkunenean eta Luis Gonzalezek solasalda eskainiko du larunbat goizean

 

Bigarren urtez segidan Landa Begiradak gogoetaldia eginen da Baztanen eta aurtengo gonbidatu nagusia Luis Gonzalez Reyes zientzia kimikoetan doktorea izanen da. Gonzalezek Klima larrialdia eta krisi ekosoziala. Etorkizuneko alternatibak izenburua duen solasaldia eskainiko du azaroaren 9an, Elizondoko Arizkunenean, larunbat goizeko 11:30ean eginen den mintzaldian.

Luis Gonzalez Reyes madrildarra da eta En la espiral de la energia liburuaren egileetako bat. Ecologistas en Acción-eko kidea da eta elkarte horren Idazkaritza Konfederaleko partaidea ere bai. Gaur egun Garúa elkarte kooperatiboan ari da ekologiarekin eta pedagogiarekin zerikusia duten gaien ikerketa eta hezkuntzan. Alderdi horietan hainbat unibertsitateko ohiko kolaboratzailea ere  bada. Hamar libururen egilea edo egilekidea da. Hitzaldia gazteleraz emanen du.

Jardunaldien barnean bertze hitzordu aipagarria Jeune Bergère (artzain gaztea) filmaren emanaldia izanen da, azaroaren 8an, ortziralean 19:30ean Arizkunenea kultur etxean. Film honetan bere ametsen bila hiria alde batera utzi eta Normandiako herri batean artzaintzan hasten den ama ezkongabearen bizia kontatzen da. Filma jatorrizko bertsioan frantsesez emanen da, euskaraz azpititulatua.

Landa Begiradak jardunaldia iaz hasi zuen Baztango Udalak. Ordukoan José Bové nekazari-sindikalista eta europarlamentari frantziarraren mintzaldi jendetsua egin zen, baita Petit Paysan filmaren emanaldia ere, bertzeren artean.

Aurtengo jardunaldiaren antolaketan Baztango Udalaz gain Hazitik Hoziek eta Energia Onak ere parte hartu dute. Landa begiradaken helburua landa eremuari buruzko gogoeta kritikoa pizteko elkargunea izatea da. Adierazpide desberdinen bidez oraingo garai eta jendartean orokorrak diren hizpideak landa-eremuen berezitasunetik aztertzeko.

Landa-eremuei buruzko agenda politiko eta publikoa lehiatzeko sortzen den gogoeta gunea da, landa-eremuko egiazko arazoak eta erronkak zein diren identifikatuz eta horiei buruz hausnarketa eta esku hartzeak bulkatuz.

Landa-eremuei buruzko iruditegi berriak sortzeko nahia ere badu Landa begiradak-ek; gainbeheran eta egiturazko krisian diren lurraldeak izanagatik, sortzaileak eta erakargarriak diren espazio sozialak izaten ahal direlako. Azken batean, landa eremu biziak izateko egin beharreko trantsizio sozial eta ekologikoaren nondik norakoa zirrimarratzeko.

Aurtengo arialdia mural baten margoketarekin akituko dute 'Sistema aldatu, Ez klima' erraten duena. Hori egiteko hitzordua azaroaren 16a izanen da, goizeko 11:00etan Elizondoko frontoi zaharrean.

Erlazionatuak

Landa Begiradak jardunaldiak Baztanen

Baztan

Klima larrialdia eta krisi ekosoziala izanen dira aurtengo gai nagusiak. Asteburu honetako emanaldiei buruz mintzatu gara Joseba Otondo Baztan...

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun