Bianako Johana Soldevillak irabazi du Elizondoko Kasinoko margo lehiaketa

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2019ko aza. 4a, 12:00

Eduardo Alsasua eta Johana Soldevilla saridunak, Baztango margo lehiaketako epaimahaiko kideekin batera Kasinoan. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Bigarren saria Eduardo Alsasua gasteiztarrarentzat izan zen

2017an ere garaile izan zen Bianako Johana Soldevilla margolariak irabazi zuen azaroaren 3an Elizondoko Kasinoak Jose Mari Apezetxea zenaren omenez antolatutako margo lehiaketa eta honenbertzez, 800 euroko lehen saria eraman zuen. Bigarren saria (400 euro), Eduardo Alsasua gasteiztarrarentzat izan zen.

Denera hamalau margolari bildu ziren margo lehiaketaren seigarren edizio honetan (hirugarrena Jose Mari Apezetxearen omenez), Arraioz, Almandoz eta Oronoz-Mugairiko paisaiak beraien oihaletan margotzeko. Zazpi finalisten artean, arestian aipatutakoek lortu zituzten sari nagusiak. Baztango margolariendako saria, berriz, hutsean gelditu zen.

Tomas Sobrino, Juan Carlos Olaetxea eta Xabier Soubelet margolariek, Lekarozen eta Gartzainen mediku izan zen Salvador Martin-Cruz arte kritikoa eta Eduardo Zubikoa Kasinoko presidenteak osatu zuten epaimahaia. Ohikoa denez, Kasinoan egindako bazkari oparoarekin akitu zen lehiaketa.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun