Lan Gaua mendi ibilaldia eginen dute azaroaren 9an Beartzunen

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 5a, 13:00
Joxepi Miuraren testigantza gehiago ezagutuko dituzte azaroaren 9eko gaueko ibilaldian.

Kontrabandoan ibilitako emakume baten, Urruskako Joxepi Miuraren testigantza ezagutuko dute

2019ko Lan Gaua prestatzen ari da Baztan-Bidasoa Turismoa Elkartea, Baztango Udalaren laguntzarekin. Aurtengoan zazpigarren edizioa beteko du eta Elizondon (Baztanen) eginen dute ibilaldia ilargiaren argipean azaroaren 9an eta lehendabiziko aldiz, kontrabandoan ibilitako emakume baten testigantzak eta pasadizoak jasoko dituzte. Urruska etxeko Joxepi Miurak berak bizitutako anekdotak kontatuko ditu.

Azaroaren 9an, 18:00etan eginen dute hitzordua Elizondoko Berro auzoko Baztan Abentura Parkean eta 19:00etan hasiko dute hiru ordu eta erdi inguruko ibilbidea hasiko dute: Beartzun-Belaun-Berderiz-Urruska-Beartzun. 10,650 kilometro luze eta 520 metroko desnibela duen ibilaldia izanen da.

Izena emateko epea zabalik dago azaroaren 7ra arte. Horretarako telefonoz deitu daiteke 948 592323 eedo 608 544880 telefonoetara (09:00etatik 13:00etara) edo e-mailez info@baztan-bidasoa.com helbide elektronikora idatzi.

 

Joxepi Miuraren testigantza

Garai zailak izan ziren guda ondorengoak. Familiak ugariak ziren eta jateko gutti zegoen. Eskasia handia zen eta zerbait egin behar zen seme-alaba guztiak aitzinet atera ahal izateko.

Baztan-Bidasoko familia aunitzentzat “Gau lana” bizi-irauteko “laguntza” ekonomiko handia izan zen. Egunez baserrian, aziendarekin,… lan egiten zuten eta gauez, mendira joaten ziren, debekatutako produktuez kargatutako zaku-zaharrak soinean hartuta, mugaz bertze aldera errodamenduak, puntillak, likoreak, tabakoa, kafea,…pasatzeko.

Urruskan familia osoa ibili zen kontrabandoan eta pasadizo ugari dituzte kontatzeko, etxean sartu zen txerriaren pasadizoa kasu:

 «Guk ez genituen mugak asmatu, baina bertan daudenez gero, aprobetxatu behar ditugu” erran zuen behin euskal politiko ezagun batek. Eta hala egin omen dute Urruskan aspalditik, Joxepi Miura etxeko andrearen aita eta anaia kontrabandoan aritu ziren; eta baita Joxepi bera ere, Alduden erositako kafea (gehienetan “Biec” markakoa) 15 kiloko paketetan prestatu, Berderiztik Elizondoraino bizkarrean eraman 10 kilometro gauez mendian barna, eta gero etxera itzuli beharra!! Batzuetan bildurra, bertzetan karabineroak engainatzeko trikimailuak… behin Joxepik Aldudetik baimenik gabe txerri bat zekarren etxera eta bidean karabinero bat agertu zitzaion. Txerria nongoa zen galdetu eta Joxepik etxekoa zela erantzun. “Ya veremos si conoce el camino de casa” (“Ikusiko dugu etxeko bidea ezagutzen duen”) erran zion karabineroak; Joxepik etxeko ateka zabaltzeko aitzakiarekin aurreratu eta bidean arto pikor batzu bota zituen. Txerria zuzen zuzen sartu zen etxean!!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun