Bederatzi urteko kartzela zigorra eskatu dute emakumezko bat bortxatzea leporatuta iaz Azpilkuetan atxilotu zuten xamanarentzat

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 27a, 11:00
Azpilkuetako Zuaztoi auzoa.

Joan den urteko maiatzean gertatu zen. Gaur egun 48 urte dituen gizonezkoak, xaman lanetan zebilela, erritu bat egiteko landareekin egindako substantzia bat eman zion emakumeari. Erasotuak salatu zuenez, substantziak eragindako nahasmen egoeraz baliatuta, bortxatu egin zuen. Fiskalak bederatzi urteko zigorra eskatu du akusatuarentzat. Epaiketa urtarrilean eginen dute Nafarroako Probintzia Auzitegian.

Antza, akusatua biktimarekin harremanetan jarri eta sendatzeko edo garbitzeko erritu bat egiteko konbentzitu zuen. Madrilen egin zuten hitzordua eta han egin zuten lehenbiziko saioa. Xamanak, ordea, Baztanera joateko aholkatu zion gisako erritu bat egiteko. Bidean lagun gehiago hartu omen zituzten eta Baztanera ailegatu aitzinetik bertze saio bat ere egin omen zuten. Ez hori bakarrik, biktimak kontatu duenez, ayahuasca izeneko substantziaren menpe zegoela, gizonezkoak bortxatu egin zuen. Gogoz kontra bazen ere, Azpilkuetako Zuaztoi auzorako bidea xamanarekin egin behar izan zuen biktimak. Hain zuzen, Azpilkuetan, substantziaren eraginpean oraindik noraezean zebilela, baserritik atera eta laguntza eskatu zien bizilagunei. Horiek izan ziren Elizondoko Osasun Zentrora eraman zutenak. Ayahuasca hartu zuela jakinarazi zuenean Nafarroako Ospitalera eraman zuten; ospitalean egindako azterketan positibo eman zuenean baieztatu zuten hala izan zela.

Fiskalak bederatzi urteko zigorra eskatu du akusatuarentzat. Epaiketa urtarrilean eginen dute Nafarroako Probintzia Auzitegian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun