Blanca de Navarra Emakumeen Elkarteak Ana Mari Marin baztandarra omenduko du larunbatean

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 24a, 16:00
Ana Mari Marin. Bere liburutik hartutako argazkia.

Marinek margolari bezala egin duen ibilbidea aitortu nahi du elkarteak eta horrekin batera bertze alorretan egindako lana nabarmendu. Omenaldia Elizondoko Kasinon eginen diote, 12:00etan.

Margolari izateaz gain, hainbat alorretan aritua da Ana Mari Marin eta horiek goraipatu nahi ditu Blanca de Navarra Emakumeen Elkarteak: «Elizondoko abesbatzako kide izan zen, Baztandarren Biltzarra elkartearen sorreran parte hartu zuen, emakumeek politikan toki handirik ez zuten garaian zinegotzi izan zen, Elizondoko alkate ere izan, Munduko Medikuak elkartearekin eta UNICEFekin laguntzen ibili zen eta gazteen alkoholemiaren aurkako kanpainetan ere parte hartu izan du, bertze hainbertze ekintzetan bezala», adierazi du emakumeen elkarteak. Hori gogoan omenduko dute larunbat honetan Elizondoko Kasinon eginen den hitzorduan.

Ana Mari Marinekin batera, hainbat lagunek parte hartuko dute ekitaldian. Hala nola, hor izanen dira Begoña Lopez elkarteko idazkari nagusia, Juan Ramon Corpas Rio Arga poesia aldizkariko zuzendaria eta Iratxeko Lagunen Elkarteko presidentea, Eduardo Zubikoa Elizondoko Kasinoko lehendakaria eta Baztan Museoko lehendakariordea eta Agustin Olabe Baztan Museoko lagunen elkarteko idazkaria.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun