Jon Irazuk irabazi du Euskal Herriko bigarren mailako aizkora txapelketa

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 21a, 13:04
Jon Irazu txapelduna, Euskal Herriko bigarren mailako aizkora txapelketako bertze finalistekin batera.

Juan Jose Lopezekin batera lehen mailara igoko da eta Zigako Joxean Etxeberria laugarren izan da, lan bikaina eginda

Euskal Herriko 2. mailako aizkolarien txapelketa jokatu zen larunbatean Altsasuko Barrundia pilotalekuan, eta Jon Irazuk lortu zuen txapela buruan jartzea. Lehia estua izan zuen gipuzkoarrak Juanjo Lopezekin eta azkenean, hiru segundoko tartearekin Irazuk jantzi zuen txapela, baina biak igoko dira lehen mailara.

Bi kana-erdiko, 60 ontzako bi enbor eta bi oinbiko mozten 20 minutu eta 54 segundo behar izan zituen Irazuk. Juan Jose Lopezek hiru segundo gehiago behar izan zituen, 20 minutu eta 57 segundo.
Hirugarren posturako ere lehia polita izan zen. Lan erditan Zigako Joxean Etxeberria zen hirugarrena, baina azkenean Eloy Corchero arabarrak aurre hartu zion. 23 minutu eta 26 segundo behar izan zuen Corcherok lana akitzeko. Segidan, Josean Etxeberria (23:44) eta Arkaitz Jauregi (23:51) sailkatu ziren. Azkena Araitz Mugerza (24.27).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun