Sagar-dastaketa egin dute Arizkungo Gamioxarrean

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 18a, 18:00

Gabriel Durruti, Sagartzea elkartearen bulkatzaileetarik bat izan dute gidari ortzegun ilunabarrean

 

Jo ala Jo elkarteak antolatutako Larrazken kulturalaren barnean, bertako sagarren dastaketa egin zuten Gabriel Durrutirekin ortzegun ilunabarrean, Arizkunen dagoen Gamioxarreko dolarean. Gabriel Durruti Hazparneko nekazaritza eskolako zuzendari ohia da eta sagarren munduan aditua, Sagartzea elkartearen bulkatzaileetarik bat baita. 

Sagar-dastaketarekin hasi aitzinean Durrutik sagarren jatorri historikoari buruz solas zenbait egin zituen, erranez, Errusia hegoaldetik heldu direla sagarrak eta gure inguruan aspaldi laketu zirela. Euskal Herriko barietate zaharren artean, adibidez, burdintxeak daudela aipatu zuen. Dastaketaren tenorean sagarren ezaugarrietaz mintzatu zen hiru irizpide bereziki nabarmenduz: gozotasuna, gazitasuna eta kirastasuna. Horren arabera sagar batzuk jateko hobeagoak dira eta bertze batzuk zukuak edo sagardoa egiteko e.a. Sagarretaz solasterakoan barietatearen arabera sagarrondoek sasoi desberdinean ematen dutela erran zuen, eta horrek, sagarrak ia urte guztiz izateko aukera ematen duela. Altxa sagarrak adibidez, negu osoan baserrietako sabaietan irauten zuten. Euskal kontsumitzaileari buruz, orokorrean sagar gazia maite duela erran zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun