Nekazaritza azpiegituretan 70.127,58 euroko inbertsioak egin ditu Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 18a, 14:00
Lau kanadiar pasabide egin dituzte uda honetan Baztanen.

Urtero bezala, aurtengo udan ere bailarako nekazaritzarako azpiegiturak hobetzeko lanak egin ditu Baztango udalak, iskindegiak, aziendendako korlea eta kanadiar pasabideak berrituz edo eginez eta denera 70.127,58 euro inbertitu ditu.

Iskindegiari buruz Otsondoko lepotik Urdazubi alderako errepide bazterreko hesiak berritu ditu, denera zortzi kilometro. Modu berean, Gorramakil alderdian, artzainek eskaturik aziendendako korlea egin du udalak, batez ere ardiak biltzeko.  Lan horiek Migel Maria Rekartek egin ditu eta 26.343,89 euroko kostua izan dute.

Bertzalde, aurten ere  kanadiar pasabideak egin dira, lau denera: Gartzaingo Jaimesaltsun –Urballoko bidean-, Bozateko Nahasen eta Beltz errekan; eta Azpilkuetan, Larroingo borda ondoan.  Lan horiek eta Erdizeko Pitzamarreko lepotik Komisionatuko lepoko bidearen errepasoa Harri-lanek egin ditu, 40.142,96 eurotan.

Modu berean, Erdizeko  Bihotzeko ziloko askaren iturburuan 100 metroko hetsikura egin da; lan hori  Lanalekomek egin du, 933,99 euroko kostuarekin.

Bertzalde, egin beharreko lanen idazketa eta obren zuzendaritza Mendikoak egin ditu eta horretarako 3.640,79 euro bideratu dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun