XXXII. ‘Ordizia Txapeldun’ gazta lehiaketa egin dute urriaren 16an, asteazkeneroko azokaren baitan. Euskal Jaietako Ardi Latxaren esnearekin egindako gazta lehiaketaren azken hamar urteetako (2010tik 2019ra) irabazleak lehiatuko dira haien artean. Ekitaldia Ordiziako Idiazabal Gaztaren kofradiak eta Udalak antolatzen dute, Idiazabal Jatorri Izendapenaren laguntzaz. Aurtengo irabazlea Orabideko Kortariko Julen Arburua izan da, 8,86eko puntuazioa lortu du. Bigarren saria Ordiziako Joseba Insaustirena izan da (8,83 puntu), eta hirugarren saria ere Arburuarentzako izan da, 8,76eko balorazioa lortuz.
Honako gaztagileak izan dira parte hartu dutenak: 2010eko irabazlea izan zen J. Aranburu Elkartea (Idiazabal); 2011 eta 2013ko irabazle Ricardo Remiro Aguirre (Eulate), 2014ko irabazlea Ondarreko Karmele Murua (Segura), 2012 eta 2015ean irabazle izan den Jon Etxebarria (Zeanuri), 2016ko irabazlea izan zen Joseba Insausti (Ordizia), 2017ko irabazlea Jose Luis Odriozola (Aia) eta 2018 eta aurtengo irabazlea, Julen Arburua (S.C. Kortaria,Lekaroz).
Hiru gazta onenek diru-saria jaso dituzte: 300 euro irabazleak, 200 bigarrenak eta 100 hirugarrenak. Hamarretik zazpiko puntuazioa gainditu dutenez, gainera, urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominak eskuratu dituzte lehen hiruek. Lekaroztarrak, lehen sariarekin 8,5eko puntuazioa gainditu duenez, Urrezko Gazta ere eskuratu du.
Epaile lanak egiten aritu dira, Jose Juan Castillo lehendakari dutela, Xabier Zabaleta (Aratz jatetxea, Donostia) sukaldaria Jakitea elkartearen ordezkaritzan, Fede Pacha (Donostiako “Luis Irizar” sukaldaritza eskolako irakaslea), Marta Albisu eta Patxi Pérez Elortondo (Idiazabal Jatorri Izendapeneko teknikariak), Josema Azpeitia (kazetari Gastronomikoa), eta Carlos Madrazo, Ordizia Saskibaloia Elkarteko ordezkaria bere 50. Urteurrenean.