Langileen baldintzak duindu nahi ez izatea leporatu dio LABek Elizondoko zahar-etxea kudeatzen duen enpresari

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 16a, 20:00

Aurten Nafarroan plaza kontzertatuak dituzten zahar-etxeetan herrialde mailako antolakuntza eta langileen guttieneko baldintzak bermatzeko neurri batzuk zehaztu direla oroitarazi du LABek, baina Francisco Joakin Iriarte kudeatzen duen IDEA enpresa pribatuak, «alde bakartasunez eta Udalari inongo berririk eman gabe, plaza horietara ez aurkeztea erabaki» izana kritikatu du gaur goizean egin duen agerraldian.

Zahar-etxeek eskaintzen duten zerbitzua «gizartearen oinarrizko beharra» dela adierazi dute LABeko ordezkariek prentsaurrekoan, baina «kudeaketa esku pribatuetan utziz gero, etekin ekonomikoa baino ez dela bilatzen» salatu dute; «hori guztiz onartezina da».

LABek duela hilabete batzuk salatu zuen zahar-etxearen egoera zein den, eta orduan adierazitako arriskuak «dagoeneko errealitate bihurtzen ari direla» ohartarazi du. Zahar-etxearen pribatizazioarekin akitzeko aukera ukatu izana «arras larritzat» jo zuen LABek orduan: «zahar-etxeko patronatua osatzen duten bederatzi kideetatik zazpik eman zuten botoa eta EH Bilduko ordezkaria izan zen publiko egitearen aldeko botoa eman zuen bakarra». LABen irudiko, «horrekin garbi gelditzen da ez langileek ezta erabiltzaileok ere ez dugula inongo babesik izan patronatuaren aldetik».

«Interes pribatuak segitzen duen bitartean zerbitzua eta baldintzak txarrak izanen dira».

LAB sindikatua

Gisa berean, Nafarroan aurten plaza kontzertatuak dituzten zahar-etxeetan, hau da, Nafarroako Gobernuak plaza horien zati bat ordaintzen duenean, «herrialde mailako antolakuntza eta langileen guttieneko baldintzak bermatzeko neurri batzuk» zehaztu direla adierazi du sindikatuak. Elizondoko zahar-etxean, ordea, «IDEA enpresak alde bakartasunez eta Udalari inongo berririk eman gabe, plaza horietara ez aurkeztea erabaki zuen». Horren harira, honela azaldu du: «plaza kontzertaturik eduki ezean, ez dago aipaturiko guttieneko baldintza horiek bete beharrik eta erabiltzaile batzuentzako karga ekonomikoa handiagoa da». Jarrera horrekin «langileen baldintzak duindu nahi ez izatea» eta «legedi orokorretik at funtzionatu nahi izatea» leporatu dio enpresari: «argi utzi dute langileak eta erabiltzaileak bost axola zaizkiela, beraiendako dirua da garrantzia duen elementu bakarra».

Hortaz, zahar-etxearen kudeaketa berriz publikoa izateko eskatu dute: «interes pribatuak segitzen duen bitartean zerbitzua eta baldintzak txarrak izanen dira».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun