«Euskaraz bizitzeko herri-gogoak egoera hobetzen lagunduko du»

N. BAZTERRIKA 2019ko urr. 20a, 10:00

25 urte inguru daramatza Iribarrenek AEKn lanean.

Alizia IRIBARREN ANDUEZA / AEK-Koordinatzaile nagusia
Mertxe Mugikaren eskutik, urriaren 1ean hartu zuen koordinatzaile nagusi kargua Alizia Iribarrenek. Lanean hasia da dagoneneko eta pixkanaka «martxa hartzen» ari da

Etxean ikusi eta ikasi du Alizia Iribarrenek (Elizondo, 1976) euskara zaintzen eta maitatzen. Elizondon sortu bazen ere, hamar urte zituela, Tuterara joan ziren bizitzera eta hamaika aldaketen artean, hizkuntzarena bizi izan zuen: «ikastetxean eta ikastetxetik kanpo gaztelera zen nagusi». Gaztaroko hizkuntza aldaketen zergatiaz «gerora» jabetu zen arren, eragina izan zuelakoan dago: «euskarak etxean eta inguruan duen desorekak ere bide hori hartzera bultzatu ninduela uste dut». 25 urte inguru daramatza AEKn. Irakasle hasi zuen bidea; Erriberako arduradun izan zen gero; eta Nafarroako koordinatzaile-lanak koordinatzaile nagusiaren egitekoekin ordezkatu ditu berriki. 

Noiz hasi zinen AEKn lanean? 
18 urte nituenean. Tuteran bertan eta inguruko herrietan klaseak ematen hasi nintzen eta pasa den ikasturtera arte bertan aritu naiz. AEK lehenagotik ezagutzen nuen, Tuterara etorri ginenean ama euskara eskolak ematen hasi baitzen. 

Luzaroan Erriberako AEK-ko arduraduna izan zara. 
Bai. Klaseak emateaz gain, 15 bat urtez Erriberako arduraduna eta azken zortzi urteetan Nafarroako AEK-ko koordinatzaile izan naiz. Bertako klaseekin uztartzen nuen lana.  Dena dela, aurreko ikasturtean koordinazioan bakarrik zentratu naiz. 

«Zonifikazioak euskaraz egiteko eskubidea urratzen digu»

 

«Euskal hiztun aktibo gehiago lortzea dugu helburu»

Euskalgintzan ari zarenetik, euskararen egoera soziolinguistikoa zertan aldatu da? 
Euskal Herriari dagokionez, egoera soziolinguistikoa eremuz eremu aldakorra da eta aldaketak ere ildo berean izan dira. Halere, ezagutza geroz eta handiagoa dela eta erabilerak ere goranzko joera hartu duela esango nuke. Orokorrean, Euskal Herri osoan, duela 20 urte baino normatasun handiagoz hartzen da euskara. Nafarroari dagokionez, ezagutzak gora egin du. Badira zonalde batzuk belaunaldi batzuk euskaldunak direnak, beste batzutan, oraindik, aurrerapausoak ematen ari da… Urtetik urtera euskaltegietan izena ematen dutenen kopuruak gora egin du; eta beraz, gero eta jende gehiagok daki euskaraz, edo behintzat ikas-prozesuan hasia da. Erabilerari dagokionez, eremu guztian gero eta gehiago erabiltzen dela esango nuke. Duela urte batzuk beherakada sumatu genuen arren, azken zazpi-zortzi urteetan, urtetik urtera, gora egin du.

Normalizazio- eta aktibazio-ekimenak ere nabarmen indartu dira.  
Bai, Korrikaren azken edizioak gero eta jendetsuagoak izan dira eta joan den urtean Euskaraldian jende askok parte hartu zuen. Erakustaldi erraldoi horiek gero eta jendetsuagoak izateak euskaraz bizitzeko gogoa edo nahia badela adierazten du.

Beraz, gaur egun egoera onean gaude? 
Ez dut esango erabat osasuntsu dagoenik. Hiru eremu administratiboetan, batetik bestera, aldaketa handia da. Erkidegoan nahiko aurreratua dago. Nafarroa eta Iparraldeari dagokionez, aurreko agintaldian aurrerapauso txiki batzuk eman dira.  Beti badira hobetzeko alderdiak eta horri begira egingo dugu lan…Ez dugu zonifikazioarekin bukatu eta horrek euskara ikasteko eta erabiltzeko eskubideak urratzen ditu. Alde horretatik nahiko ilun ikusten dugu kontua. Iparraldean ere aurrera egin da, baina ez nahikoa eta oso poliki. Herri Elkargoa sortu zenean plangintza estrategiko bat egin zuten. Euskarari dagokionez, aurrerapauso bat emateko nahia ikusi genuen. Horretaz gain, Iparraldean ere gero eta jende gehiagok ikasten du euskaraz, bai ikastoletan, baita euskaltegietan ere.

Mertxe Mugikaren eskutik, urriaren 1ean hartu zuen koordinatzaile nagusi kargua Alizia Iribarrenek.

Beraz, egiteko askorekin hartu duzu kargua. Nolatan eman zenuen pausoa?
Mertxe Mugikak utzi zuenez, beste norbait behar zen. Kostata baina animatu egin nintzen. Inguruko jendearen babesa sumatzea lagungarri izan zen. AEKn hori garrantzitsua da, talde bat garelako. Bakoitzak bere funtzioak eta lanak ditu baina guztion artean egiten dugu aurrera. Egia esan, gogotsu, erantzukizunez eta arduraz hartu dut kargua. 
Nafarroako koordinatzaile izatetik koordinatzaile nagusi izatera, ikuspegi aldaketa beharko duzu? 
Nafarroako koordinatzailea izan naizen heinean, bertako egoera ezagutzen dut. Orain Euskal Herria koordinatu behar dudanez, ezagutza aberastu beharko dut. Momentu honetan ikasten eta martxa hartzen ari naiz eta laguntzarik ez zait falta.  

2018-2022 aldi estrategikoan murgilduta zaudete orain. Zein dira aldi horretan dituzuen egitekoak? 
2022rako dugun helburu edo lerroburu nagusia euskal hiztun aktibo gehiago lortzea da. Euskara ikasten duten horiek hiztun aktibo bihurtuz erabilerak gora egingo duela eta euskarak aurrera egingo duela iruditzen zaigu. Ezagutzarekin ez da nahikoa eta horri begira jarriko gara. 

Euskaraldiaren ondorioz, Nafarroan erabilerak gora egin du nabarmen.  
Soziolinguistika Klusterraren arabera, hasierako hilabeteetan 20 puntu inguru igo zen. Baina ondoren ohitura zaharrei heldu genien. Azkenean sei puntutan gelditu da. Igoera hori egonkorra dela ikusi dugu eta horri begiratu behar genioke. Azken batean, ohitura aldaketa sakonak nahi ditugu. Hurrengo Euskaraldira begira sei puntu horiek igotzea eta aldaketaren bidean gelditu diren horiek aldatzea nahi genuke. Ariketa erraldoi horrek ohitura aldaketak posible direla ikusten lagunduko du. 

Hizkuntza-politikan ere egitekoak badira...  
Hizkuntza-politika eraginkorra nahi badugu administrazioek baliabide gehiago jarri behar dute. Alde batetik, doakotasuna bermatu behar dute, herritar guztiek euskara ikasteko eskubidea izan dezaten. Bestalde, Nafarroa osoan euskararen ofizialtasuna behar dugu.  

Doakotasunari dagokionez, zertan da kontua? 
Jendeak, orokorrean, esfortzu handia egiten du, eskubidea izan behar lukeen zerbait jasotzeko. Toki batetik bestera alde handia dago. EAEn, momentu honetan, maila batetik bestera pasatu eta klaseetara joanez gero, B2 maila izan arte doan ikas dezakete. Nafarroari dagokionez, Udal eta Mankomunitate batzuek, Baztangoak, Bortzirietakoak eta Malerrekakoak esaterako, dirulaguntza ematen dute. Pasa den urtean Nafarroako Gobernuak dirulaguntzak ere eman zituen, baina ez zuten inondik inora doakotasuna bermatu. Iparraldeari dagokionez ere ikasle batzuek eta maila batzuetan jasotzen dute, baina ez da nahikoa. 

Aurreko agintaldian aurrerapauso batzuk eman zirela aipatu duzu. Zertan egin da aurrera? 
Aurretik dirulaguntzetan egin zituzten murrizketei aurre egin zitzaien, euskaltegiei ematen zaizkigun laguntzak berreskuratu ziren eta poliki-poliki partida igotzen joan da. Ez da gure lana ordaintzeko adina... baina tira! Administrazioa euskalduntzeko Foru Dekretu bat ere martxan jarri zuten. 

Gobernu aldaketarekin zer espero duzue? 
Gobernua osatu aurretik egin zuten hitzarmena irakurrita, atzera ez dela egingo aurreikus daiteke, gauzak dauden bezala mantenduko dituztela uste dugu. Dena dela, aurrera ez egitea larria da. Nahiko mantso genbiltzan lehen ere... 

Nolako etorkizuna aurreikusten duzu? 
Asko dago egiteke, beraz, etokizun hurbila behintzat lanean irudikatzen dut. Aurrerapausoak emango ditugula uste dut, eta horiek jendearen presioagatik izango dira. Jendarteak badu euskaraz bizitzeko gogoa. Herri-gogo horrek presioa egingo du eta presio horren ondorioz egoerak hobera egingo du.

MOTZEAN

Zure burua hitz gutxitan: Lotsatia eta kementsua.
Nondik datorkizu euskararekiko atxikimendua? Etxetik jaso dudala esango nuke. 
Liburu bat?  Txillardegiren biografia.
Musika talde gustukoena? Su Ta Gar.
Euskara ikasten ari direnentzat aholku bat. Beldurrak atzean utzi eta erabili. Ez da hain zaila. 
Eta irakasleei?  Orain artean bezain gogotsu segi dezatela. 
Amets bat? Euskal Herri erabat euskalduna.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun