Joan den abuztuaren 29an eten zen behin betikoz Baztanen hainbat urtez zerbitzua eskaini duen obra hondakinen Udal zabortegi edo eskonbreraren aktibitatea. Iruritako Irular parajeko herri lur honetara ia 30 urtez bota dituzte obra hondakinak. Lehendabiziko 10 urteetan Marmoles de Baztan enpresak sorturiko hondakinak botatzen ziren hemen eta ondotik eta, aipatu bezala, joan den abuztu akabaila arte, inguruko obra guztietakoak.
Zabortegi hauek ez dute gaur egungo legedia betetzen eta Udalak azken urteak itxiera planifikatzen, baina batez ere bailarako obra hondakinendako irtenbide jasangarriagoak bilatzen jardun du.
«Erraten ahal dugu, bada, lortu dugula, edo bederen, horretarako lehen pausua eman dugula. Pausu berri honekin ekonomia linealeko eredutik (natur baliabideak ustiatu, erabili eta hondakin bihurtzean lurperatu) Ekonomia Zirkularrerako (hondakin izan behar ziren horiek berriz ere produktuetan bihurtu eta ekonomiaren zikloan sartu) urrats berri bat eman dugu Baztanen», aipatu dute urriaren 10ean egindako aurkezpenean.
Oronozko Askapen obra hondakinendako transferentzia- eta tratamentu-planta
Udal obra zabortegiaren itxierarekin batera eta hau ordezkatuz obra hondakinendako trasferentzia- eta tratamentu-planta (kasu honetan pribatua) jarri da martxan Baztango herri lurretan.
Oronozen, Baztango herrilur batean dagoen harrobi bateko instalazioak eta aktibitatea aprobetxatu eta sinergiak sortuz obra hondakinen trasferentzi eta tratamentu planta baten sorrera ahalbidetu da.
Oronozko Askape harrobia ustiatzen duen enpresak duela urte batzuetatik hona ez du harririk ateratzeko baimenik eta bere aktibitatearekin segitu ahal izateko Iruñerritik ekartzen dute harria, horretarako kamioiak Baztandik hutsik joan eta harriz beteak itzultzen direlarik. Istalazio horietan bertan berriki martxan jartzea ahalbidetu zaien aktibitate osagarriari esker, obra hondakinak jaso eta hemen tratatu ezin direnak Iruñera egiten dituzten bidaietan eramaten dituzte (han dauden tratamentu planta ezberdinetara). Eskonbro garbiarekin aldiz, Askapen bertan dituzten harri matxakadorak probestuz tratatu eta 2. Mailako materiala edo material birziklatua lortzen dute, zikloa itxi eta Baztanen bertan edo inguruetan erabili ahal izateko agregakin birziklatua lortuz, erran bezala, Ekonomia Zirkularrerako pausua.
Honela bada, eskualdean obra hondakin garbiak tratatzeko lehen planta jarri da martxan eta gainerako obra hondakinei dagokionez, bilketa eta trasferentzi puntua izanen da hau nahi duenarendako baita ere.
Hondakinen kudeaketa hobetze bidean eta aldaketa hauek probestuz, Baztango Udalak obren gaineko kontrola zorroztuko du, obretan sortzea aurreikusten den eta sortzen diren hondakinen gaineko ziurtagiriak eskatu eta konprobatuz. Obra baimen eskaeretan, obrak, motaren arabera eta sortuko diren hondakinen arabera sailkatuko dira eta Udalak Askapeko enpresa ustiatzailearekin sinatu duen hitzarmenari esker, obra ttikietako hondakinen doako kudeaketa eskainiko die Baztandarrei.