Baztango txoriak ezagutzera emateko jardunaldiak antolatu dituzte astebururako

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 10a, 15:00
Garrapoa da Baztanen bizi den hegaztietako bat. Argazkia: txoriak.eus

Baztango Ehiza Elkarteak Baztanen bizi diren edo bertatik pasatzen diren hegazti migratzaileak ezagutzera emateko jardunaldiak antolatu ditu. Urriaren 11n solasaldia eskainiko du Alberto Lizarraga Senarrek eta urriaren 12rako bi proposamen jarri dituzte mahai gainean: eguraldi onarekin, hegaztiei eraztunak jartzea eta euria ari badu, habia kutxak arboletan paratzea. Ekitaldi guztiak dohainik izanen dira eta nahi duen orok parte hartu dezake.

Urriaren 11n, 19:00etan hasiko da solasaldia, Arizkunenean. Alberto Lizarra Senar, ornitologian aditua eta Biologian Doktorea izanen da hizlaria eta Baztanen bizi diren edo bertatik pasatzen diren hegazti migratzaileei buruzko azalpenak emanen ditu.

Urriaren 12an, 09:00etan Lekarozko kanpusean, ASPACEko aterpetxearen inguruan egin dute hitzordua eta eguraldiak aginduko du zer egin. Eguraldi ona baldin bada, sareak paratu eta bertan erortzen diren txoriei eraztunak jartzen ariko dira, Alberto Lizarraga Senarrek gidatuta. Euria eginen balu, Lekarozko ASPACEko aterpetxean lehenagotik pintatuta egonen diren habia kutxak muntatu eta inguruko arboletan paratuko dituzte. Ekintza bata zein bertzea egin, gosari bat eskainiko diete joaten diren guztiei. Baztango ehiza elkarteak, Baztango Udalaren, Baztan-Bidasoa Turismo Elkargoaren eta Nafarroako Ehiza Federazioaren laguntzarekin antolatu dituen jardunaldiak dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun