Gartzaingo bestak urriaren 11tik 14ra ospatuko dituzte

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 10a, 06:30

Giro ederra izanen dute aurten ere Gartzaingo bestetan. Argazkia 2011koa da.

Larunbateko herri-afariaren aitzinetik, 19:00etan Erramun Martikorenak girotuko du herria

Urriaren 11n eguerdiko txupinazoarekin abiatuko dituzte herriko bestak; eta astelehenean afariarekin akitu. Bien bitartean, larunbatean Erramun Martikorenaren kantaldiaz gozatuko dute.

URRIAK 11, ORTZIRALEA

12:00etako txupinazoaren ondotik, 14:00etan haurren bazkaria izanen dute. Bazkalondoan, 16:30 aldera, haurrendako jokoak izanen dituzte. Bien bitartean, 16:00etan mus txapelketa jokatuko dute. 21:30ean, tradizioari eutsiz, zopak jateko bilduko dira. Palikin DJaren musika lagun, gaupasa eginen dute eta goizaldean, 06:00etan, xingar jatean bilduko dira.

 

URRIAK 12, LARUNBATA

Begi bat itxi orduko bertzea irekitzeko tenorea ailegatuko zaie. Izan ere, 10:00etan argi-soinuak izanen dira herrian. Eguerdian Ariztegiko ermitan meza entzunda, luntxean bilduko dira. 19:00etan Erramun Martikorenaren ahotsa izanen da protagonista eta haren oihartzuna gogoan dutela, 22:00etan herri-afaria eginen dute. 00:00etatik aitzinera, Jotatxo DJak girotuko du herria eta goizaldean, 06:00etan, galtzontzillo eta kulero lehiaketa eginen dute.

 

URRIAK 13, IGANDEA

10:00etako argi-soinuen ondotik, herritarren arteko desafioa jokatuko dute. 14:00etan zikiro jatean bilduko dira eta ondotik Agerraldek girotuko du herria. Afalondoan bestan segitzeko aukera izanen dute.

 

URRIAK 14, ASTELEHENA

10:00etan argi-soinuak eta 14:00etan gazte-bazkaria izanen dute. 16:30ean jokoetan bilduko dira. Afariarekin eta gaixoa ni abestuz akituko dituzte bestak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun