Klima-aldaketaren kontrako munduko deialdiarekin bat egin dute Baztanen

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 8a, 13:00

Klima-aldaketaren aurkako lehen mundu greba irailaren 27an egin zen eta Baztanen ere oihartzuna izan zuen

Irailaren 26an, 60 bat gaztek Elizondoko karriketan barna bizikleta ibilaldia egin zuten eta biharamunean, bertzeak bertze, Lekarozko ikastetxeko eta Elizondoko Lanbide Eskolako ikasleek geldialdia egin zuten eta Elizondoko plazan elkarretaratzea. 

Ortzeguneko bizikleta ibilaldia Energia ona, Baztango gaztetxea, Ernai, Erdiz Bizirik, Baztango talde feminista, Aroztegia eta gero zer? eta Baztandarren Biltzarra elkarteek deituta egin zuten. Elkarte horiek, ohar bidez, «klimaren aldaketa sistema ekonomiko kapitalistaren ondorio» dela salatu dute, «orain artio kapitalismoak jendea hankapean hartzen zuela ohartuak ginen; orain ohartzen ari gara lurra xehatzen ari dela eta jendea gerorik gabe utziko duela». Beraien irudiko, «kapitalismoak herritarrekin akituko du».

«Kapitalismoak herritarrekin akituko du. Adibideak egunerokoan ikusten ditugu»

Gogoeta hurbilagora ekarriz, «aipatutakoa egunerokoan ikusten» dutela adierazi dute: «jaten ditugun elikagaiek milaka kilometro kurritzen dituzte, N-121-A errepidea nazioarteko zama garraioz gainezka dago eta orain gainera handitu nahi dute; Aroztegiko proiektu espekulatiboak autoa gehiago ibiltzera behartzen duen urbanizazio dispertsoa dakar, nekazaritza-lurrak suntsitu bidenabar; nekazaritza-lur emankorren suntsiketa dakar Erdizeko harrobi proiektuak ere eta horko lanek berotegi-efektuko gas isuri handia ekarriko dute…».

Hori guztia salatzeko irailaren 26ko ilunabarrean 60 bat gaztek parte hartu zuten bizikleta ibilaldiarekin, martxoaren 17an, klima-aldaketaren inguruko mundu mailako geldialdia egin zenean bezala. Ortziralean, berriz, Elizondoko Foru plazan Sistema aldatu, Ez klima lelopean pankarta bat ikus zitekeen. Eguerdi aldera, berriz, Lekarozko ikastetxeko eta Elizondoko Lanbide Eskolako ikasleek geldialdia egin zuten, bertzeak bertze, Elizondoko plazan elkarretaratzea eginez, ikastetxeetan dokumentalak eskainiz edota inguruak garbituz.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun