Nafarroako Gobernuak 2,3 milioi baino gehiago bideratuko ditu hiru errepide konpontzeko

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 8a, 19:00
N-121B errepideko zola berrituko dute Amaiur eta Dantxarinea artean.

Lanak NA-234 Arrizabalaga-Urrotz Hiria, N-121B Iruña-Dantxarinea Baztandik, eta NA-160 Tutera-Fitero errepidetan eginen dituzte

Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, Nafarroako hiru errepideetako zola konpondu eta sendotzeko lanak esleitu ditu. Lanak NA-234 Arrizabalaga-Urrotz Hiria; N-121B Iruña-Dantxarinea Baztandik; eta NA-160 Tutera-Fitero errepideetan eginen dira eta hasiko diren egunetik hiru asteko epean akituta egon beharko dira.

Lanak 2.340.000 eurotan, BEZ barne, esleitu dira, 780.000 euroko hiru lotetan banaturik. Alfatos Biurrun, SA enpresak NA-234 errepideko lanak gauzatuko ditu eta Viaria Aglomerado, SLek bertze bi loteetako lanak eginen ditu, N-121B eta NA-160 errepideetan.

Arrizabalaga-Urrotz Hiria, NA-234 errepidean hainbat lan burutuko dira 9 eta 14. kilometroaren artean. N-121B errepidean 60 eta 73. kilometroaren artean gauzatuko dira lanak, Amaiurtik Dantxarinera doan tartean. Azkenik, NA-160an 7 eta 12. kilometroaren zatian gauzatuko dira.

Zola konpondu eta indartzeko lanek ez dute trafikoaren etenik eraginen, izan ere enpresek bide alternatibo bat bermatu beharko dute seinale bidez ezarria.

Lanak errei bakarrean eginen dira, bitartean kontrako noranzkoan doan erreia zirkulaziorako egokituko da, eta ondotik bidearen bertze aldean gauzatuko dira lanak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun