Hiru eguneko besta bete-beteak izan dituzte Anizen

Maitane Maritorena 2019ko urr. 8a, 08:30

Asteburu honetan, hiru egunetako bestak, bete-beteak izan dituzte Anizen. Ortziralean hasi zituzten ezkila jotze eta herriari itzulia emanez. Frontenis txapelketa ere izan zuten, Asier eta Igor izan ziren irabazle, Baztango zaporeak lotea irabazi zutenak; Unai eta Iratxe bigarren gelditu ziren. Argazkiak: Maitane Maritorena

Baztan zopetan lauretan hogei lagun pasa bildu ziren frontoian giro ezin hobean. Gaua ez aski eta bestak egunez ere luze jarraitu zuen. Xingar jateak egun argiz ere iraun zuen, besta ezin akituz, soinuarekin etxez etxe ere ibili zenik izan zen, ezin erretiratuz.

Larunbatean paella lehiaketan, iaz bezala, ginkanan eta jostetan aritu ziren herrian barna, osagaiak lortu ahal izateko etxez etxe Anizko historioak bildu eta trukean paella egiteko gaiak lortzeko. Aurten Ainhoa Calvok eta Xabier Zabaletak egindako paellak irabazi zuen. Postreetan, berriz, iazko txapeldun bera: Maider Azkaratek egindako gasna tarta izan zen hoberena. 

Haurrak puzgarri eta josteta tradizionaletan aritu ziren bitartean, musean txapeldunak Jon eta Kani izan ziren, eta bigarrenak Martzelino eta Itziar aita-alabak.

Igandean bertako produktuekin egindako otordua dastatu ondotik zikiro jatea izan zen. Zikiro jatea akitu baino lehen, gaurgero tradizio bihurtu den Bingo txapelketa izan zen. Asier eta Aitor aritu ziren aurkezle lanetan, Alemaniako arropa tradizionalaz jantzirik. Luixek irabazi zituen Bingoko 140 euroak. Bingoaz gain, urtero bezala sorpresa anitz eta politak izan zituzten. Unai Iantzi aniztarrari herriak erregelu ttipi bat egin zion Euskal Herriko koxkor biltze txapelketan egindako lanarengatik eta ondotik Anizko haurrek hiru kanten koreografia eskaini zieten bazkaltiar guztiei. Inori deus erran gabe, aitzineko asteetan Jaionerekin aritu ziren entsaiatzen, herriko bestetan ikuskizun ederra eskaintzeko. Haurren ondotik, haur, gazte, heldu... denok batera karaoketan aritu ziren, sei taldetan banatuta nork hobeki kantatu.

Txapelketa, dantza, kanta, umore ona... ez ziren falta izan... akitzeko xingar jatea eta herriari itzuliarekin akitu ziren aurtengo bestak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun